PPAk datozen bost urteetarako ildoak finkatu ditu
Pasaiako portuak 2025-2030 Plan Estrategikoaren ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur. Lehiakortasunean, jasangarritasunean edota ekonomia urdinean jarri dute arreta.
Pasaiako portuak 2030era bitarteko ibilbide orria aurkeztu du gaur. Portuak industriaren esparruan logistikako motor lehiakorra izateko, jasangarriago bilakatzeko eta ekonomian urdinean murgiltzeko xedea du. Gaur azaldu dituzte 2025-2030 Plan Estrategikoaren ildo nagusiak Izaskun Goñi Pasaia Portu Agintaritzako (PPA) presidenteak eta David Candelario erakunde bereko zuzendariak, PPAko egoitzan egindako agerraldian.
Plan estrategiko horrek portua “sendotzeko eta eraldatzeko” etapa baten hasiera markatzen duela jakinarazi du PPAk, “egungo espazioa optimizatuta, industria espezializazioa eta trenbide konektibitatea” ardatz nagusi izanik.
Dokumentu horretan 120 jarduera baino gehiago jaso dituzte, zortzi eremu estrategikotan kokatuak eta zazpi erronka nagusi erantzuteko diseinatuak. Hona hemen erronka horiek:
- Pasaiako portua Ardatz Atlantikoko nodo lehiakor gisa kokatzea.
- Intermodalitaterako inbertsioak bultzatzea: Lezo-Gaintxurizketa plataforma eta Europako korridoreekiko trenbide konexioak, hain zuzen.
- Ingurumen eta energia jasangarritasuna indartzea.
- Portu hiria eraldaketa finkatzea, elkarbizitza harmoniatsua sustatuz.
- Egungo trafikoak fidelizatzea eta handitzea.
- Trafikoak zein jardueretan dibertsifikatzea.
- Ekonomia urdinari lotutako nitxo berriei bidea irekitzea, berrikuntza eta ekintzailetza sustatuz.
Jarduerak
Zortzi eremu handiren aterpean (lehiakortasuna, berrikuntza, jasangarritasuna, digitalizazioa, nazioarteko merkataritza, ingurumenarekiko konpromisoa, pertsonak eta talentua zaintzea eta kudeaketa arduratsua), plan estrategikoak 20 jarduera ildo estrategiko bildu ditu, “ingurumenaren aldetik jasangarria, eko-proaktiboa, berritzailea, lehiakorra, udalerriarekin konprometitua eta segurua den portu bat sustatzeko”.
Atlantikoko korridoreko posizionamendua foroetako presentziaren eta euro eskualdeko proiektuetan lankidetza aktiboaren bidez indartuko dela adierazi du PPAk. Lehiakortasuna bultzatzeko, PPAk bere azpiegiturak enpresa operadoreen eta merkatuaren eskarira bideratzea bilatuko du, kalitatezko zerbitzu eraginkorrak bermatzeko eta digitalizazioaren bidez administrazio ikuskapen eta izapideetan arintasun eta eraginkortasun handiagoa bermatzeko.
Intermodalitateari dagokionez, PPArekin eta terminalekin lehorreko igarobideak optimizatzeko, kamioientzako eta merkantzia trenentzako geralekuekin konektatzeko, portuko bide komunetan trafikoa kudeatzeko sistema automatizatu bat garatzeko eta Lezoko plataformaren proiektua bultzatzeko lan egingo dela baietsi du PPAk.
Jasangarritasunaren esparruan, portu eko-proaktibo eta ingurumenaren aldetik jasangarria eratu nahi dute hainbat ekintzaren bidez, hala nola, ingurumen jardueren plan zuzentzaile bat zehaztuz, energia kontsumoa optimizatuz edo deskarbonizazio proiektuak eginez.
Belaunaldien arteko erreleboa kudeatzea, antolaketa egituran generoen parekotasuna orekatzea edo etengabeko prestakuntzako programen bidez giza kapitala etengabe hobetzea “funtsezkoak” izango direla adierazi dute PPAko ordezkariek.
Portuaren eta hiriaren arteko harremanean, PPAk portuaren eta tokiko agintarien arteko foro tekniko iraunkorra eratzea planteatu du, dauden eremuak koordinatzeko, mugikortasun premiei arreta berezia jarrita edo hiria berroneratzeko proiektuak sustatuta.
Horrez gain, Gipuzkoako dartsenak kudeaketa eredu ekonomikoki jasangarri baten alde egingo duela jakinarazi du PPAk, portuko espazio eta trafikoen errendimendua etengabe monitorizatuz, segurtasun eta babeserako neurriak eta protokoloak sustatuz eta portuko komunitate osoaren parte hartzea sustatuz.
Azkenik, portua Ekonomia Urdinari lotutako nitxo berrietara zabaldu nahi du PPAk, berrikuntza eta ekintzailetza bultzatuz.
PPAk 8 proiektu berritzaile sortzea aurreikusi du portuko eta inguruko eragileen artean, eta 20 lankidetza proiektu dinamizatzea AZTIrekin, Oarsoaldea agentziarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera bultzatutako Ekonomia Urdineko Hub-aren barruan. Horrez gain, PPAk oinarri teknologikoko enpresa jarduerak bizkortzeko programa bat abiatuko du, aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin lankidetzan, eta Azpilur portuan eraikitzen ari den enpresa zentro berria bultzatzeko beharrezko estrategiak garatuko ditu.
“Pasaiako portuaren arrakasta, euroeskualdearen eta industria portuaren funtsezko nodo logistiko gisa, portu azpiegiturak modernizatzearen mende egongo da lehenik, hiru zabalerekin trenez konektatzearen mende bigarrenik, eta lurzoruan eta espazioan hedatzearen mende hirugarrenik. Horretarako, eragile guztien konpromisoa behar da, bai eta portu komunitatearen eta erakundeen lankidetzarako gaitasuna ere. Gainera, funtsezkoa izango da administrazioen babesa ere, portu azpiegituretan, trenbide konexioan eta lurzoruan inbertitzeko behar guztiei aurre egin ahal izateko”, adierazi du Izaskun Goñik.
Aurreikusitako inbertsioak
Aipatutako erronkei aurre egiteko, PPAk urteko 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egitea aurreikusi du, hainbat jarduera gauzatzeko:
- Kaiak birgaitzea: 12,5 milioi euro.
- Elektrifikazioa: Milioi 1.
- Itsasargien berreskuratze eta efizientzia energetikoa: Milioi 1.
- Instalazio berriztagarriak ezartzea: Milioi 1.
- Zabalera metrikoko eta nazioarteko zabalerako trenaren barne inbertsioak: 5 milioi.
- Sakonera handitzea: 10 milioi.
- Lezoko ubidearen nabigagarritasuna handitzea: 16 milioi.
- Solteko ontzi likidoen deposituak berreskuratzea: 6 milioi.
- Energia eraginkortasuneko eta uraren erabilerako jarduerak, digitalizazioa eta telekomunikazioak, argiztapena, kaien defentsak, biltegien eraikuntza, mugako ikuskapen puntua, espazioen berrantolaketa…: 15 milioi.
- Horri gehituko zaizkio Eusko Jaurlaritzak ekonomia urdinerako instalazioak garatzeko egindako inbertsio aurreikuspenak, eta baita Estatuak merkantzien trenbide garapenetarako eta Lezoko plataforma intermodala garatzeko egindakoak ere.
2030erako proiekzioak
Ekintza guztiek adierazlea eta betetze helburu kuantifikatua dutela jakinarazi dute portuko ordezkariek. PPAren 2025-2030 Plan Estrategikoaren inpaktua adierazle jakin abtzuen eta ziklo itxierako proiekzioen bidez neurtuko da.
- Trafikoak: 2023ean 4.200.000 tonara iristea espero da, hau da, 2024ko oinarrizko mailekiko %25eko hazkundea.
- Trenbide kuota: Trenez garraiatutako merkantzia guztien %10era iristea.
- Zuzeneko enplegua: Kalitatezko enplegua mantentzea eta bultzatzea, portuko ekosisteman 1.600 profesional ingururi eutsiz.
- Inbertsio iraunkorra: Modernizazioan eta jasangarritasunean urteko 10 milioi euroko exekuzioa.
- Deskarbonizazioa: Portuko jarduerak sortutako CO2 isuriak %20 murriztea.
- Digitalizazioa: PPAren administrazio izapideetan digitalizazioaren %100 lortzea.
- Bezeroaren gogobetetasuna: Kaian diharduten operadoreei eta enpresei egindako inkestetan 10etik 8,5rko puntuazio jarraitua lortzea.
Parte hartze prozesua
2025-2030 Plan Estrategikoa Izaskun Goñik 2025eko lehen seihilekoan karguan hasi zenetik egin duen lehena izan da, eta portuko ekosistemari lotutako eragile nagusiekin izandako elkarrizketa ireki eta gardenen emaitza izan dela jakinarazi du PPAk. Portuko operadoreek, arrantza sektoreko ordezkariek, erakunde publikoek, ikerketa zentroek eta PPAko langileek badiaren etorkizuna eztabaidatu dute bilkura horietan, portuko komunitate osoa inplikatu duen prozesu parte hartzaile batean.
Industriaren behar operatiboak herritarren gizarte eta ingurumen eskaerekin lerrokatu ahal izan direla adierazi du PPAk: “Emaitza adostutako ibilbide orri errealista eta anbiziotsua da, eta portua ez du esparru isolatu gisa ulertzen, baizik eta komunitate baten motor bizi gisa”.
