'Kaka' antzezlana, igandean, Donibanen
Xanti Agirrezabalak, Erika Olaizolak, Mikel Laskurainek eta Ainhoa Aierbek igandean taularatuko dute obra Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan.
AEK-Korrika II. Kultur Sorkuntza Beka irabazi zuen Kaka antzezlana Donibaneko Juanba Berasategi aretoan taularatuko dute Xanti Agirrezabalak, Erika Olaizolak, Mikel Laskurainek eta Ainhoa Aierbek. Emanaldia igandean (hilaren 10ean) izango da, 19:00etan. Sarrerak salgai daude Bibe plataforman, 11 euroan.
Sinopsia: Herriko plazan kaka mokordo bat agertu da. Kaka azaleratu da eta egoeraren analisia egin behar da. Nork egin du? Noiztik dago hor? Eta orain, zer egin kaka honekin? Noren ardura da? Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea? Kakak kaka dakar, eta pentsatzen jarrita… mundua nolakoa litzateke, bakoitza bere kakaren jabe egingo balitz? Norbanako, kolektibo edo herri gisa batzen gaituen, baina ezkutatzen dugun horren guztiaren azaleratze festa da Kaka.
