Hamar urte Matraka ematen, eta jarraitzeko gogoz
300dik gora emanaldi, dozenaka eta dozenaka partaide, festa giroko une gogoangarri asko, auzoak, herriak, jendea, hurbiltasuna... Matraka Musika Elkartea sortu zenetik hamar urte bete dira aurten. Eskaintza zabala dute.
Matraka Musika Elkartearen barrukoa da Eztanda erromeria taldea.Matraka.org Hamar urte bete dira aurten Lezon Matraka elektrotxaranga sortu zenetik, eta horrekin lotuta Matraka Musika Elkartea. Kaleko banda, bertsioak egiten dituena, festa giroan jendea aurrez aurre gozarazten duena, nahiz eta tartean pandemia bat jasan. Lezon sortua, lezoarrekin eta inguruko herrietako musikariekin. Ordutik, 300dik gora emanaldi egin dituzte. Elektrotxaranga zena, handitu zen: musika elkartearen barruan Eztanda erromeria taldea, DJtrack ibiltaria, DJ Trikitrack, eta Anaiak taldea (ekitaldi intimoagoetan dabilen hirukotea) ere dituzte. Track abizena duten proposamenak DJ ibiltari antzekoak dira, zuzeneko ahotsekin hango eta hemengo kantak bertsio bihurtzen dituztenak. «Sortu dugun azken taldea DJ Trikitrack da. Trikia, ahotsa eta abesti ezagunen oinarriak uztartzen dituen DJ formatuko proposamena», zehaztu dute Matrakakideek. Haien eskaintza osoa, salgai dituzten gaiak barne, haien webgunean ikus daiteke.
Bertsioak, euskal kantenak batez ere, baina ezagun diren bestelakoak ere bai. Horiek daude Matrakaren oinarrian, «euskal kulturako kantu ezagun eta ondare diren horiei beste ukitu bat eman, eta jendartera zabaltzen ditugu, goza dezaten». Euskal Herriaren luze-zabalean eman dituzte talde horiek 300 alditan baino gehiagotan, beti publikoarekin konexio zuzenarekin, bertsio horiek. «Eztanda erromeria oholtza taldea den arren, hurbiltasuna bermatzen saiatzen gara». Herrietako, auzoetako eta bestelakoetako antolatzaile, jai batzorde, udal eta sustatzaileei eskerrak eman dizkiete, «haiei esker egin dugu aurrera». Herrietako auzoetan izaten dira gusturen, ordea.
Hamar urtean, aldaketak. «Lehen aldaketa, zahartu garela», barrez. Elektrotxaranga festa giroko proposamena izan arren, abestien lanketan aurrera urratsak egin dituztela adierazi dute, eta hasierako abesti azkar-azkar horietatik, lanketa teknikoagoa eskatzen dutenek ere tokia hartu dute haien errepertorioan, kantu horiekiko fideltasun musikala indartu dute, «orain, adibidez, gitarra soloak ere sartze ditugu». Publikoan, aldiz, alde handiegirik ez, «beti adin tarte zabaleko publikoa izan dugu alboan. Orain hala izaten jarraitzen du».
Egun, elkartearen barruko talde guztien artean, hamabost bat kidek osatzen dute Matrakaren familia. Hamar urteko bidean, baina, dozenaka izan dira bertatik era batera edo bestera pasa diren kideak. Pena dute ezin izan dutela emakumeengana nahi adina iritsi, «nahiz eta irmo saiatu, emakume gutxi izan ditugu taldeetan».

Matraka elektrotxarangaren emanaldi baten une bat. Irudia: matraka.org
Musika baino gehiago
Izan dituzten musikari asko, inguruko musika eskoletatik iritsitakoak dira. Izan ere, eskola horietan ikasketak bukatu, eta musikaren munduan segitzeko aukera izan da askorentzat Matrakan aritzea. «Aukera ezberdinak ditugu. Beti bertsioekin ari gara, bai. Baina ikasitakoa kaleratu nahi duten musikarientzat helduleku izan garela esan dezakegu». Harrobia landu dute, beraz. Ildo horretatik, haiekin bat egitera deitu dituzte musikariak. «Ezagutu gaitzatela, etor daitezela gurekin entseatzera egunen batean. Musikariak duen profilaren arabera, ziur txokoren bat izango duela gurean. Ez dira talde jakin baten parte izango; muska mugimendu baten zati izango dira».
Matrakako kideak, nabaria da, musikariak dira. Musika elkartea aurrera eramateko, ordea, lan nekeza dagoela azaldu dute entseguez eta aktuazioez gaindi. Bulegoko lanaz ari dira. Boloak lotu, musikariak koordinatu, fakturak egin, webgunea eta sareak elikatu, kontratatu dituzten eragileekin harremana egin… «Denbora asko kentzen digu horrek. Egin beharreko lana da. Gauza asko lotu behar dira. Baina zorionez ondo antolatuta gaude; ez gara musikari profesionalak, nork bere ofizioa du. Taldekideen ofizio edo bestelako ezagutza horiek baliatzen ditugu musikaz gaindi diren horiei aurre egiteko».
Matraka elektrotxarangak «lana soberan» duela aitortu dute taldekideek. Arrakasta handikoa da, eskaera asko dituzte. Eztanda erromeria taldeari, edo DJ Track edo DJ Trikitrack proposamenei bultzada berezia eman nahian dabiltza. «Kalitate handikoak dira horiek ere bai, festa giroan jendea modu intentsuan mugiarazteko proposamenak dira».
Jaso eta eman. Matrakak aktuazioetan irabazten duen diruaren zati bat inguruan eragiteko erabiltzen du. Adibidez, Lezoko Munttarpe Eskubaloi Kirol Elkartearekin hitzarmena dute, babesle bezala. «Asko jasotzen dugu eragileetatik. Bidezko ikusten dugu hartzen dugun horren zati bat herritarrei ematea. Asko eskertzen diegu hamar urtean eman diguten babesa».
