Pasaia-Lezo Lizeoak beste mende erdi bat du aurretik
Pasaiako eta Lezoko ikastola txikiek bat egin zutenetik 50 urte beteko dira aurten, Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zuten duela mende erdi. Ikastolak egingo dituenen berri eman du gaur, agerraldian.
Salaberria, Sanchez, Vidal eta Artola, gaurko agerraldian. “Inork ez zien adierazi euskaltzale haiei nondik zen, ezta nola egin ere, baina arian-arian, asmatu zuten bideari ekiten. Lezon lehenengo, Antxon, Donibanen, San Pedron eta Trintxerpen segidan”. Hitzok Nekane Artola Pasaia-Lezo Lizeoko lehendakariak esan ditu gaur arratsaldean, Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurrenaren harirakoak azaltzeko agerraldian. Badia inguruko bost ikastola horiek bat egin zuten 1976an. Pasaia-Lezo Lizeoa sortu zuten. “1976ko erabaki ausartak ekarri gaitu prentsaurreko honetara. Aurrekoen ahaleginak ekarri gaitu honaino”. Ekainaren 6an urteurreneko ospakizun handia egingo du Lizeoak Antxon, horren gaineko xehetasunak ere eman dituzte gaurkoan. Beheko koadro urdinean ekainaren 6aren gaineko informazioa.
Atzera begirada egiten hasi du Artolak mende erdiaren ospakizunen, eta horien izaeraren berri emateko egindako agerraldia. Harekin batera izan dira hizlari Iker Vidal eta Aitor Salaberria zuzendariak, eta Irune Sanchez ikastolako guraso eta 50. urteurrenaren gainekoak antolatzeko sortu den batzordeko kidea. Lizeoak beharrezko ikusi du 50 urte atzera egitea egun jada kontsolidatua dagoen eta erreferentzia den ikastolaren hastapenak latzak izan zirelako: “Oztopoz eta zailtasunez jositako bidea izan zen. Herri honek behar zuen hezkuntza euskalduna izateko makina bat kantaldi, diru eske, eta lan militantea egin zen”. Orduan izendatu zuten egun Lizeoaren egoitza nagusia den Donibaneko erakina bost ikastola txiki horien aterpe, auzolan latzean eraikitakoa hura. “Lizeoaren ibilbidea ez zen hasi besterik egin ikastola txikiak batzerakoan”.
Ordutik, jendartea, badia, baita ikastola bera ere aldatu egin direla aitortu du Artolak. Kooperatiba bilakatu zen 2003an. 2007an antolaketa juridikorako bermea izan zuen. “Euskal Curriculumaren garapenean eta herri nortasuna indartzeko ekimenetan joan zaizkigu azken urteak, oharkabean iristeraino mugarri honetara”. Hortaz, Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurrenean “egin ziguten opari horri ” aldarrikapen batekin erantzun nahi diotela argitu du Lizeoko lehendakariak: “Mende erdia dugu aurretik euskaltzaleek abiatutako bidea euskaraz bizitzeko eta osatzeko”.
Helburuak
Iker Vidal zuzendariak aipatu du urteurrenari hiru ardatzeko izaera eman nahi diotela: aitortza, ekarpena, eta harrotasuna. “Badiako ikastola txikiak abiatzen lehenik eta Lizeoa osatzen ondoren, herrigintzan aritutako horien guztien lana aitortu nahi dugu”. Zentzu horretan, Ahotsak.eus-en testigantzak bildu dituztela adierazi du zuzendariak, kasu horretan Pasaiako eta Lezoko udalen laguntzari esker, “sekulako altxorra dira”.
Ekarpenaren atalean, Lizeoak euskalduntzerako bidean egin duen lanari balioa eman nahi diote, eta urteurrena ahalegin horri bultzada berria emateko baliatu nahi dute. “Herri lehentasun dira euskal nortasuna indartzea, euskarazko ahozkotasuna hobetzea, euskaldunekiko erasoak geldiaraztea, gizarte berdinzaleagoa euskaraz eraikitzea… Horretan aritu nahi dugu gertuko eragileekin elkarlanean”, Vidalek.
Harrotasuna. Euskaldun izatearen harrotasuna. Hura ere 50. urteurrenaren ardatza Lizeoarentzat. “Funtsezkoa da euskaldunen autoestimua indartzea, eta jarrera euskaltzaleak bultzatzea”.
Ekainak 6, eta gehiago
Ekainaren 6ko festa handiaz gainera, Aitor Salaberria zuzendariak aipatu du esku artean hainbat egitasmo dituztela mende erdiaren ospakizunei mamia emateko. Jurgi Ekiza abeslariarekin batera abestia sortzeko bidean dira, eta gainera, 50/50 izenburupeko objektuen erakusketa prestatzen ari direla iragarri du.
Urteurrenaren webgune berezia ere prest dela azaldu du.
“Kantu bat gara, zioen Jon Maiak, eta belaunaldiz belaunaldi asmatu dugu kantu hori itzal ez dadin beharrekoak egiten. Horregatik, euskaldun bizitzeko kemen horren erakusle, kantu bat abesten gonbidatu nahi ditugu den-denak ekainaren 6ko ospakizunera”. Hori esanda, Antxoko Ikastolako txikitxoek Behin betiko kanta abestu eta dantzatu dute (bideoan ikusgai), agian jakin gabe ikasle diren zentroak 50 urte bete dituela, eta haiek bertan egoteko haien gurasoen nahia, eta aurreko beste askoren ekarpena ezinbestekoa izan dela.
Ekainaren 6an, festa handia Antxon
50. urteurrenaren ekitaldi sozial handiena ekainaren 6rako gorde du Pasaia-Lezo Lizeoak. Komunitate osoa, oraingoa, antigualekoa, edo etor daitekeena bildu nahi ditu egun horretan Antxon. Iker Vidal zuzendariak aipatutako hiru ardatzen ariketa praktikoa izango da, Lizeoaren esanetan, ekaineko lehen larunbateko hura: izan zirenei aitortza, Lizeoaren ekarpenari balioa ematea, eta euskaldun eta Lizeokide izatearen harrotasuna ekarriko dituzte barrutira.
Irune Sanchezek eman ditu festa egun horren gaineko xehetasunak. Zehaztu du urteurrenaren jaialdi nagusia izateaz gainera, indarrak biltzeko eguna ere izango dela “datorren mende erdian euskalgintzan, auzolanean eta heziketan eragiten jarraitzeko”.
Egunaren izaera aipatuta, ekitaldien berri eman du. 11:00etan hasiko da eguna, erraldoi eta buruhandien kalebueltarekin. 12:00etan ekitaldi nagusia izango da, Biteri plazan; “hainbat sorpresa izango dira”, esan du.
14:00etan bazkari erraldoia izango da Ibaiondo pilotalekuan. Hor egoteko txartelak salgai dira jada, Lizeoaren webgunearen bitartez (maiatzaren 27ra arte eskura daitezke txartel horiek, 22 euroan helduena, eta 12an haurrena).
Arratsaldean, Andoni Ollokiegik kontzertua emango du, eta Elektrotxufla elektrotxarangarekin luzatuko da arratsaldea.
