Soinu-Ingurua Hobetzeko Plangintzaren eguneratzea aurkeztuko du udalak
Udalak zarata-maparen azterlana egin du, eta lan hori herritarrekin partekatuko du. Saioa hilaren 12an izango da, Reina aretoan, 18:30ean.
Hilaren 12an (asteartea) Errenteriako Soinu-Ingurua Hobetzeko Plangintzaren eguneratzearen aurkezpena egingo da Reina aretoan, 18:30ean. Saio hori informazioa zuzenean jasotzeko interesa duten herritar guztiei begirakoa da, eta herritarrek adierazitako kezkak eta arazoak jasotzeko balioko duela adierazi du udalak.
Errenteriako Udalak lizitazioa egin du udalerriko zarata-mapa eguneratzeko, kalitate akustikoa ebaluatzeko adierazleak ezartzeko eta zarataren kudeaketa erraztu eta akustika hobetzeko ekintza-plana egiteko. Lan horiek ACC, Centro de Acústica Aplicada enpresari esleitu zaizkio. Enpresa horrek zarata-maparen azterlana egin du jada, eta lan hori herritarrekin partekatu da.
Zarata-maparen ondorioak aztertu ondoren, Errenteriako Soinu-Ingurua Hobetzeko Planaren zirriborroa idatzi da. Azterlan horrek inguruaren kalitate akustikoa hobetzeko proposatu diren ekintzak bildu ditu, eta horrek, herritarren bizi kalitatearen hobekuntzan eragina izango duela nabarmendu du udalak.
Dokumentu horretan epe motz eta ertainean egin beharreko ekintzen bide-orria jaso da. Herritarren ekarpenak “oso garrantzitsuak” direla jakinda, udaleko Ingurumen sailak udal webgunean argitaratu ditu.
Hilaren 12ko bileran dokumentua idatzi duten pertsonek azterlana aurkeztuko dute. Udalak espero du saio horrek balio ahal izatea kutsadura akustikoarekin sentsibilizatuta dauden pertsona guztien artean udalerriko hobekuntza akustikorako ekintza-plana egiteko estrategia zehazteko. Hori dela eta, udalak herritarrak parte hartzera animatu ditu.
Aldez aurreko urratsak
Udalak jakinarazi du Estatu mailan 2007an sartu zela indarrean zarata-mapak egin eta kalitate akustikoa erregulatzeko legedia. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, 2013an aplikatu zen. Errenteriako Udalak 2017an eguneratu zuen zarata-mapa, udalerriko egoera akustikoa ezagutzeko, bere kalitate akustikoa hobetzeko behar diren neurriak hartzeko eta informazio hori plangintzako tresnetan eta eragin dezakeen edozein udal eremutan txertatzeko. Udalak 2017an idatzi zuen Zarataren Aurkako Ekintza-plana, eta 2018ko ekainean onartu zen behin betiko.
