Gipuzkoako Trainerilla Liga eta Txapelketatik, zazpi bandera Oarsoaldera
Arrauna indartsu dabilela Oarsoaldean agerian utzi dute Gipuzkoako trainerilla liga eta txapelketa jokatu berritan San Juan Koxtape, San Pedro eta Hibaika elkarteetako arraunlariek.
Hibaikako Gazte Emakumeak bandera jasota. Indartsu dabil arrauna Oarsoaldean. Agerian utzi dute hori asteburuan Gipuzkoako Trainerilla Liga eta Txapelketa jokatu berritan. Hondarribiak hartu zuen larunbatean Gipuzkoako Trainerilla Ligako azken jardunaldia eta txapelketarako sailkatze estropada izan zena. Txapelketa berriz, Mutrikun jokatu zuten atzo (igandea). Emaitzak garrantzitsuak izan dira Oarsoaldeko arraun klubentzat.
Trainerilla Ligari dagokionean bi bandera eraman zituzten atzo etxera San Juan Koxtapekoek: Absolutu Emakumeetan San Juan B ontziak, eta Gazte Mutiletan San Juan A ontziak. Hibaika Arraun elkarteko Emakume Gazteentzat izan da Ligako sari potoloa, eta San Pedrok, berriz, Kadete Mutilen kategorian eskuratu du trapu preziatua. Banderez gain, dominak zintzilik atera dira beste hainbat kategoriatan ligan zehar harrobia sendo dela erakutsita. Hala, gazteenetatik hasita, Kadete Nesketan bigarren postua egin dute ligan San Juangoek; Kadete Mutiletan, Hibaikakoak hirugarren izan dira; Gazte Emakumeetan bigarren sailkatu da ligan San Juan, hirugarren Hibaika, eta kategoria bereko mutiletan berriz, zilarra zintzilikatu du San Pedrok eta brontzea San Juan B ontziak.
Absolutu gizonetan Hondarribia hirugarren izan da ligan.
Ligan emaitza paregabeak hiru klubek, eta atzo jokatutako txapelketan ere bide beretik egin zuten arraunlariek ia ligako podioak errepikatuta.
Kategoria gazteenetatik hasita, Kadete Mutilen bandera San Pedrok irabazi du; Gazte Emakumeetan bandera berriz ere Hibaikako eskifaiarentzat, eta kategoria bereko gizonetan, San Juanentzat bandera ligan bezala. Dominak ere zintzilikatu zituzten Oarsoaldeko arraunlariek ligan egin bezala txapelketan ere: Kadete Mutiletan Hibaikakoak brontzea; Gazte Emakumeetan San Juan Koxtapek zilarra; Gazte Gizonetan San Pedrok zilarra; Absolutu Emakumetan San Juan Koxtapek zilarra; eta bukatzeko, Absolutu Gizonetan Hondarribiak brontzea.
Sari gehiago ere izan zen atzoko ekitaldian, izan ere, txapelketan egindako ziabogarik onenei aipamen berezia egin zieten arraun federaziotik. Kategoria gazteenetatik hasita, ondoko sariak heldu ziren eskualdera: Kadete mutiletan Arane Araujo San Pedroko patroiak jaso zuen ziabogarik onenaren trofeoa; Gazte Emakumetan, San Juan Koxtapeko Anartz Gereñok; Gazte Gizonetan Danel Fidalgok, eta Absolutu Gizonetan Joseba Amunarrizek.
Emaitzak kontsultatzeko ondoko esteketan klikatu, ligako emaitzak; txapelketako emaitzak.
Ondoko argazkiak atzo Mutrikun jokatutako Gipuzkoako Trainerilla Txapelketan eginak dira.
