Galtzarabordako parkearen bueltan, bi parte hartze saio
Auzo horretako parkerako aurreikusita dauden esku hartzeak herritarrei aurkeztea du helburu udalak bi saio horien bidez.
Herritar partaidetzarako bi saio antolatu ditu Errenteriako Udalak Galtzaraborda auzoan. Zehazki, auzo hori berroneratzeko planaren barruan abiatu du prozesua eta helburua da, parkerako aurreikusita dauden esku hartzeak herritarrei aurkeztea eta haiekin batera zehaztea.
Hilabete honetan bertan egingo ditu bi saioak udalak, Galtzarabordako erretiratuen elkartean; hilaren 18an lehena, eta 25ean bigarrena, biak 18:00etatik 19:30era.
Auzoaren berroneratze planaren oinarrietako bat da auzo horretako parkea. Saioetan parte hartzen dutenek aurkeztutako proposamenak ezagutzeko ez ezik, haien iritzia eta ekarpenak azaltzeko aukera ere izango dute. Hori horrela eta beraiek direlako interes handiena dutenak, auzotarrak eta parkea erabiltzen duten herritarrak saioetan parte hartzera deitu ditu udalak.
