«Euskal unibertsoaren bozgorailua da HITZA»
Euskarazko tokiko hedabideen erraiak ondo asko ezagutzen ditu Iñaki Berrio Zabala pasaitarrak. Lezoko 'Orratx!' herri aldizkariko langile izan zen, Oarso Telebistako kide ere bai, eta gainera, 2003an sortu zen Oarsoaldeko Hitza-n hainbat urtez kazetari izan zen.
Euskarazko tokiko hedabideen erraiak ondo asko ezagutzen ditu Iñaki Berrio Zabala pasaitarrak. Lezoko Orratx! herri aldizkariko langile izan zen, Oarso Telebistako kide ere bai, eta gainera, 2003an sortu zen Oarsoaldeko Hitza-n hainbat urtez kazetari izan zen. Erraiak ezagututa, ikuspegi kritikoa ere badu tokiko hedabideen barrenerako begiradarekin, baita kanpoko faktoreek horietan zer eragin duten aztertzerakoan ere.
Zergatik zarete etxean HITZA-ren harpidedun?
Etxekoak euskaraz bizi gara, euskaraz lan egiten dugu eta euskaraz ikasten dugu. Arraroa litzateke informazioa gaztelaniaz jaso nahi izatea, ezta? Eta bada beste arrazoi bat: HITZA kalitate handiko produktua dela uste dugu, eta horregatik gara harpidedun.
Zer funtzio betetzen du zuen ustez HITZA-k?
Euskal unibertsoaren bozgorailua da. HITZA gabe propioa ez dugun kultura bat gailenduko litzateke komunikabideetan.
Pasaiari zehazki, zein ekarpen egiten dio hedabideak?
Barkatuko didazue, baina nahiko ezkor naiz gai horretan. Hedabide hegemonikoa izan beharko luke, kalitate handiko hedabidea baita, baina ez du lortu, inondik inora. Alderdi politiko abertzaleei esango nieke badela garaia begiak zabaldu eta euskarazko hedabideei bultzada erraldoia ematekoa. HITZAk etxe guztietara iritsi behar du. Ahalegin hori egin behar da euskarazko hedabideak etxe guztietara iristeko, euskararen normalizazioan benetan eragin nahi bada.
OARSOALDEKO HITZA-ko kazetari izan zinen, horren hastapenetan. Zer oroitzapen dituzu ordutik?
Hasi aurrekoa oso gogorra izan zen: errepresioa, torturak… Proiektua kaleratzear zela etorri zen Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako polizia operazioa. Garai hartan Lezon nenbilen, eta kolpe latza eman ziguten. Guardia Zibilek niretzat eredu ziren Xabier Alegria eta Luis Goia eraman zizkiguten.
Bestela, oso urte intentsuak izan ziren. Militantzia basatia. Lerro hauetatik muxu bana lankide izan nituen guztiei, laguntza ematen aritu zinetenoi, eta batez ere Xabiri eta Luis Goiaren familiari.
Gainera, aurretik, Lezoko Orratx! aldizkarian eta Oarso Telebistan ere izan zinen. Eskualdean euskarazko hedabideei dagokienez dena egiteko zegoen…
Garai haietara itzultzea ez litzateke kontu txarra. Orratx! bazen hegemonikoa Lezon. Herriko etxe, komertzio eta taberna guztietara iristen ginen, euskaldunak izan edo ez. Telebistaren kontua zailagoa zen, analogikoan egiten baikenuen lan. Motela eta oso garestia zen. Orain, esango nuke errazagoa litzatekeela proiektu hura berpiztea. Apustua nork egin faltako litzateke.
Errenteria-Oreretan eta Pasaian ere aritu nintzen. Gora Lau Haizetara, gora Branka eta bere jendeak.
Oro har, zein funtzio betetzen dituzte euskarazko hedabideek zure ustez?
Komunitatea sortzen laguntzen dute, euskaraz bizi nahi dugun pertsonak konektatuz eta erreferenteak eskainiz. Euskaldunak bagara, zertarako jo erdaretara?
