Ekainaren 9rako ezarri diete Eskalerillasen bizi direnei etxegabetze data
Etxegabetzeei aurre egiteko prentsaurreko jendetsua deitu dut ekainaren 8rako 19:00etarako Trintxerpeko Gudarien plazan.
Atzo Eskalerillasen egindako agerraldiaren irudi bat. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du ekainaren 9rako ezarri dietela oraindik ere Eskalerillaseko etxean bizi direnei bertatik irtetetako data. Sei familia horietatik gehienak Portuan lan egiteagatik etxebizitza eskaini zietenen seme-alabak eta bilobak dira, hau da, Pasaiako Portu Agintaritzaren (PPA) arabera etxebizitza horien gaineko titulartasunik ez dutenenak; alokairu erregimenean bizi izan dira han 40 urtez. Sindikatuak adierazi du, gainera, etxerik gabe utzi nahi dituzten familia horietako askotan egun portuan lanean ari direnak daudela. “PPAk, ordea, ez ditu errentari legitimotzat hartzen, ordaindu beharko lituzkeen kalte-ordainak aurreztu ahal izateko. Horregatik, etxegabetze-prozedura prekarioa hasi zuen”, zehaztu du sindikatuak. Etxegabetzeei aurre egiteko prentsaurreko jendetsua deitu dut ekainaren 8rako 19:00etarako Trintxerpeko Gudarien plazan.
PPAren asmoa da Eskalerillaseko etxebizitza horiek eraitsi, porturako sarbidea izan dezan Eusko Trenbide Sareak. Portuaren jabetzakoa da berez eraikina. 2023an jakin zuten familiek zein zen portuaren asmo hura, eta ordutik mobilizatzen ari dira Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren babesarekin. Etxebizitzetan bizi zirenen artean titulartasuna zutenak (portuko langile izandakoen adineko bikotekideak gehienak), eta langile horien seme-alaba edo bilobak daude.
Titulartasuna zutenekin “presiopeko” akordioa lortu zen etxebizitzak utz zitzaten; titulartasuna ez zuten beste sei familiak, ordea, ez zieten inolako alternatibarik eskaini sindikatuak zehaztu duenez. Azken horien egoerari aurre egiteko bide judiziala abiatu zen. “Hilabeteak eman ditugu auzitegietan borrokan, eta jarri ditugun errekurtsoetako bat oraindik ebatzi gabe dagoen arren, portuak etxegabetzeak behin-behinean betearazteko eskatu zuen. Azkenik, badakigu epaileak onartu egin duela (nahiz eta etxegabetutako pertsonentzat bidegabekeria konponezina izan), eta utzarazpen-data ekainaren 9rako ezarri da”.
Sindikatuaren arabera etxebizitza eraitsi eta trenbidea egitea “interes pribatuentzako ekintza” da, eta Algeposa enpresari “kostuak gutxitzea” duela oinarrian, “diru publika interes enpresarialak elikatzeko erabiltzen ari dira, eta honen ondorioak portuarentzat lan egiten duten familiek jasango dituzte”. Egoeraren erantzuletzat PPA, “blokea eraitsi eta familiak kaleratu nahi dituena”; Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioa, “Oscar Puente buru duena”; eta ETS bera nahiz Jaurlaritza izendatu ditu sindikatuak. “Gainera, portuko lehendakaria, Izaskun Goñi Razquin, 2025eko martxoan izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, Euskal Trenbide Sarea daukagu, Eusko Jaurlaritzak (EAJ) gestionatzen duena eta trenbide sarea bera blokearen lurretan eraikitzeko ardura duena”.
