"Beharrezkoa da kaleetan antolatzen jarraitzea"
Oreretako Kuirdinadorak deituta elkarretaratzea egin dute LGTBIKA+fobien Nazioarteko Egunaren harira.
Herriko Plazan egin zuten atzo elkarretaratzea.Oreretako Kuirdinadora LGTBIKA+fobien Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horren harira, elkarretaratzera deitu zuen Oreretako Kuirdinadorak atzo eguerdian Herriko Plazan. Giro nahasia dela nagusi egun eta gero eta prekarioagoa dela jendartea, asko-askoren eskubideak zalantzan jartzen ari direlako jarri zuten nabarmen elkarretaratze bukaerako irakurraldian, “komunitateak hautsi nahi dituzte”. Faxismoari erreferentzia, ezinbestean atzoko protestan; argi salatu zuen Kuirdinadorak faxismoa berrantolatzen ari dela kaleetan, auzoetan, bai eta pantailetan ere. Horren aurrean argi dutela zein gizarte ereduan nahi duten bizi gaineratu zuen, “gehiengoarentzat bizitza gozagarriak bermatzen dituen gizartea nahi dugu”.
Errealitatea, baina oso bestelakoa dela jarri zuen nabarmen, eta horren adibide Europako Batasuna egiten ari den deportazio masiboei, eta sustatzen dituen politika antimigratzaileei “gero eta bortitzagoei” aipamena egin: “Mugak indartu eta milaka pertsona heriotzara edo miseriara kondenatzen ari da”.
Osasun publikoaren “desegitea” ere hizketagai izan zuten atzokoan eta gogor salatu horren zein zerbitzu sozialen pribatizazioa. Bizitza duinekin bete-betean talka egiten duten beste erpin ugari ere lehen lerroan jarri zituzten: Etxebizitza eskubidearen urraketa eta etxegabetzeak, diskurtso transfoboen normalizazioa, gero eta gehiago indartzen ari diren logika zisheterobinaristak. Azkenaldian “fobiak” udalerrian bertan sumatu dituztela jarri zuten nabarmen, bestalde, “langile grebaren aurrean klasismoa eta homofobiarekin lerrokatzen diren lokalak, edota espazio autogestionatuen kriminalizazioa eta herritarron elkartasunaren kontrako erasoa Irungo Lakaxita eta Gaztañoko auzo elkartearekin gertatu den bezala”.
Ingurumari horretan, plataforma arrazistak eta gorroto taldeak antolatzen ari direla salatu du, eta ohartarazpena egin, “gu ere ari gara antolatzen, etengabe: Donostiako plataforma arrazisten aurrean, faxismoaren gorakadaren aurrean, KASeko kideen kontrako kriminalizazioaren aurrean, eta gure herrietan zabaltzen ari diren diskurtso erreakzionarioen aurrean”. Argi dute, hala adierazi dute: “Ez gara geldirik geratuko, eta badakigu nola eragin”. Puntu horretan eredutzat jo dute Gipuzkoan sortu berri duten Plataforma antiarrazista; hainbat elkarte eta kolektibo barnebiltzen ditu, “autonomiak abiatuta, diskurtso propio bat sortzen eta agenda markatzen ari da”.
Saretzen eta elkar sostengatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten gainera, eta eraso guztiei aurre egingo dietela errepikatu, “miseriara, indibidualismora eta baliabide materialen lehiara kondenatzen” dituen sistema neoliberala jo mugan jarrita: “Bidea zabaltzen die sistema horrek faxistei, ezin gara beraz aske izan kapitalismoan”.
Palestina ere, lehen lerrora, “gaitzetsi nahi dugu Israel palestinarren kontra egiten ari den genozidioa, bai eta gure identitateak pinkwhasing estrategien bidez erabiltzea krimen kolonialak mozorrotzeko ere”.
Behar-beharrezkoa jo zuten kaleetan antolatzen jarraitzea eta Oreretako mugimendu kuir eta transfeminista indartzea. Bitartean “diskurtso tranpatiekin” adi ibiltzeko deia Oreretako Kuirdinadorak, “antolaketa, segurtasuna eta eskubideen bermea ez dira inoiz supremazismoaren bidez lortuko. Ez gaitezen engainu horretan erori”. Bukatzeko deia “Oreretako LGTBIKA+ pertsona eta disidente guztiei”, antolatu eta artikulatu daitezen, “arau zisexista eta heteropatriarkalaren babesean eroso bizi zaretenoi ere esan nahi dizuegu zuen konplatzentziak baduela kostu politikoa. Denon bizitza aukerak daude kolokan, lubaki honen parte izatera gonbidatzen zaituztegu”.
