Nafarroara joango da Itsastarrak igandean
Trintxerpeko mendi taldeak eta Herrerako Mendizaleek Obantzeako sakanako ibilbidea egingo dute hilaren 24an.
Trintxerpeko Itsastarrak Mendi Taldea eta Herrerako Mendizaleak Nafarroara joango dira igandean (hilaren 24an), Obantzeako sakanako ibilbidea egiteko. Mendizaleak 07:00etan irtengo dira Trintxerpeko kaitik, eta 07:05ean Garberan, 07:10ean Pio XIIn eta 07:15ean Andoainen geldialdiak egingo dituzte, jendea jasotzeko. Bazkideek 23 euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko; bazkide ez direnen prezioa, aldiz, 26 eurokoa izango da. Izen emateak galdetegi bidez egin behar dira.
Mendizaleek bi ibilbide proposatu dituzte: luzea, 15,5 kilometrokoa eta motza. Ibilaldi luzea Argiñanon hasi eta Goñin bukatuko da, eta 5 ordu inguruko iraupena izatea aurreikusi dute sustatzaileek. Ibilbidean Bixarluzeko gainera igo edota San Migel ermitatik pasako dira mendizaleak. Motzaren ibilbidea eta iraupena zehazten ari dira orain, baina egongo dela baieztatu dute.
