Ordenantza Zibikoa eskatu du EAJk
Espazio publikoaren "kaltetzea" eten nahi duela esan du alderdi jeltzaleak, eta Ordenantza Zibikoa berehala martxan jartzea ezinbestekoa jo du horretarako.
Elixabete Murua jeltzaleen bozeramailea.EAJ Kezka azaldu du EAJk espazio publikoaren kaltetzearekin, eta horrenbestez, haren erabilera egokia arautuko duen eta “herrian bizikidetza ordenatua eta errespetuzkoa” bermatuko duen Ordenantza Zibikoa martxan “berehala” jartzeko eskatu du.
Udalerriak urteak daramatzala kaltetze progresiboa jasaten dio EAJk, “kaleetan, plazetan eta hiri altzarietan gero eta nabarmenagoa den egoera gertatzen ari da: kartel, pankarta, pegatina eta bestelako elementuen kontrolik gabeko ugaritzeak utzikeria irudia sortzen du, bizi kalitatearen eta bizikidetzaren erreferente izan nahi duen herri batentzat onartezina dena. bereizki larria da udal gobernuak berak aurreko agintaldian Bizikidetza Ordenantza baten beharra argi adierazi izana”. 2023-2027 Agintaldi Planean jasota dagoela konpromiso hori zehaztu dute jeltzaleek, “hala ere, gaur gaurkoz, udal gobernuak ez du ez zirriborrorik ez proposamen publikorik, ezta bide orri argirik aurkeztu ere”.
Gobernu taldeari “urteetan beste alde batera” begiratzea egotzi dio Elixabete Murua jeltzaleen bozeramaileak, harago jo du eta gogor mintzatu da, “berriz ere iragarpen eta konpromiso hutsen aurrean gaude, kaxoian gordetzen diren promesak, herritarren benetako arazoek konpondu gabe jarraitzen duten bitartean”. Salatutako arazoa urte osoan ematen bada ere, jaietan “areagotu” egiten dela gaineratu du, “espazio publikoaren kaltetzea ezin da normaltzat hartu. adierazpen askatasuna beti bermatu behar da, baina ezin da erabili kaleak, fatxadak, hiri altzariak eta espazio komunak etengabe hondatzekoa aitzaki gisa. Askatasuna bai; kontrolik eza ez”.
Ordenantza Zibiko “moderno” batek ez dituela eskubideak mugatu behar gaineratu du Muruak, “espazio publikoaren erabilera arduratsua eta herritarren arteko bizikidetza uztartu eta ordenatu behar ditu, kartelak jartzeko gune egokiak eta ondare komuna kaltetzen duten jokabideak saihesteko mekanismo argiak ezarriz”.
Udal gobernuari “berandu iristea” egotzi dio: “Gobernatzea erabaki deserosoak hartzea eta bizikidetzaren oinarrizko arauak betearatzea ere bada. Ezin da arzo bat aitortu, irtenbideak agindu eta gero desagertu; pasibotasun gutxiago eta kudeaketa gehiago behar ditu”.
Bukatzeko, mozioa erregistratu duela bere alderdiak udalean jakinarazi du Muruak gaiaren bueltan.
