San Pedroko gazteentzat urrea Euskadikoan
San Pedroko Gazte Mailako trainerilla Euskadiko Txapeldun izan da. Emakumeen Gazte Mailan, berriz, San Juanentzat zilarra eta Hibaikarentzat brontzea.
San Pedroko Gazte Mailako arraunlariak, Euskadiko bandera eskuan.Sanpedrotarra Arraun Elkartea Euskadiko Trainerilla Txapelketa izan zen jokoan atzo Ondarroan (Bizkaia). Bertan Oarsoaldeko hainbat ontzi izan ziren; horien artetik onena, San Pedroko Gizonen Gazte Mailako ontziarena: Euskadiko txapeldun izan ziren. Bigarren izan zen Zierbenari ehuneneko apur batzuen aldea atera zioten moreek, estropada oso estuan. Atzetik aurrerako lehia egin zuen San Pedrok urrea eta ikurrina eskuratzeko.
Izan ere, lehen ziabogan Zierbenatik bost segundora zeuden moreak, bigarrenean seira, eta hirugarrenean hirura. Helmugan, ordea, estropada irauli zuten eta 78 ehuneneko aurrerago iritsi ziren. Emozio handiko estropada izan zen. Elorri Lonbide Urkiola, Niko Herce Arrazola, Beñat Mayo Salaberria, Markel Atxaga Delgado, Ekaitz Rodriguez Andres, Ibai Garmendia Fernandez eta Danel Fidalgo Romeo lemazaina izan ziren trainerillaren partaide. Zorionak haiei. Kategoria horretan San Juan seigarren izan zen.
Beste mailetan ere dominak iritsi ziren Oarsoaldera. Adibidez, Emakumeen Gazte Mailan San Juanek zilarrezko domina irabazi zuen, eta Hibaika hirugarren izan zen maila horretan.
Nesken Kadete Mailan, berriz, San Juan laugarren izan zen eta Hibaika hamabosgarren. Mutilen Kadete Mailan, berriz, San Pedrok laugarren postua lortu zuen eta Hibaikak zazpigarrena.
Euskadiko Trainerilla Txapelketako emaitza eta denbora guztiak ikusteko baliatu esteka hau.
Datorren asteburuan jokatuko da Espainiako Trainerilla Txapelketa Castron (Kantabria, Espainia). Han izateko momentuz plaza ziurtatua duten trainerillak San Pedroren Gizonen Gazte Mailakoa eta San Juanen Emakumeen Gazte Mailakoa dira.
