Ereintzak etxean jokatuko du asteburuan igoera fasea
Emakume Seniorren taldea animatzera deitu du Ereintza elkarteak, eta harmailak betetzera hauspoa emateko.
Ereintzari indarra emateko harmaila betetzera deitu dituzte zaleak asteburuan. Zilarrezko Ohorezko mailara igoera jokatuko du Ereintza Bitek taldeak asteburuan, ostiralean hasi eta igandera arte jokatuko dituen hiru partidetan. Hori horrela zale guztiak etxeko taldea animatzera deitu ditu Ereintza Eskubaloi Taldeak, harmailak bete eta errenteriarrei hauspoa eman diezaieten zalantzarik gabe erabakigarria izango den asteburuan.
Estatuko Lehen Mailako Emakumeen talderik onenak lehiatuko dira igoera lortzeko. Denera 25 talde ariko dira lehian, lauko bost multzotan eta bosteko multzo batean . Multzo bakoitzeko irabazleak lortuko du igoera. D Sektorean jokatuko da Ereintza Bitek, eta horretan ariko diren lau taldeek Errenteria-Oreretako Galtzarabordako kiroldegia izango dute joko eremua.
Itzuli bakarreko ligaxka jokatuko dute hiru egunez; hau da, talde guztiak ariko dira elkarren kontra. Hori horrela, talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu, bat eguneko ostiraletik igandera, eta lortutako emaitza horiek guztiak hartuko dituzte aintzat sailkapenerako.
Bihar, ostirala 22, 19:30ean hasita Ereintza Bitek Fertilidad-Alfarnatejo Ciudad Jardin taldearen kontra ariko da.
Larunbatean berriz, 19:30ean hasita, San Cugat A izango du aurrez aurre talde errenteriarrak. Igandean igoera fasearen azken egunean, berriz, Erreka izango du aurkari, 12:00etan hasiko den partidan.
Ereintza Eskubaloi taldeak deia berriro zaleei eta herritarrei oro har, “harmailetan zuen indarra behar dugu. Zatozte Ereintzako emakumeak animatzera eta elkarrekin ametsa lortzera”.
Ez da ezezaguna Zilarrezko Ohorezko Maila errenteriarrentzat. 2023an igoera lortu zuten eta hurrengo urtean jaitsi ziren mailaz berriro. Iaz txartela lortu zuten igoera jokatzeko. Aurten berriro ere aukera izango dute denboraldi osoan egin duten lan handiaren sari.
