Herri agerraldia deitu du Bokalek, Euskaltzaleon Martxa prestatzeko
Topaketa hilaren 28an izango da, Trintxerpeko Gudari plazan, 18:15ean. Euskaltzaleon Kontseiluak ekainaren 13an egingo du Euskaltzaleon Martxa, Iruñean.
Bokalek, Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, herri agerraldia egingo du hilaren 28an (osteguna) Euskaltzaleon Martxara deialdia egiteko. Topaketa Trintxerpeko Gudari plazan izango da, 18:15ean.
Euskaltzaleon Kontseiluak Euskaltzaleon Martxa egingo du ekainaren 13an Iruñean, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. Mobilizazio hori mugarri izatea nahi du Euskaltzaleon Kontseiluak, eta jendearen aktibazioa eskatu dute. Guztion inplikazioa “ezinbestekoa” izango dela adierazi dute sustatzaileek.
Bide horretan, Pasaiako eragile eta norbanako euskaltzale guztiak deitu dituzte hilaren 28ko agerraldian eta ekainaren 13ko Iruñeko mobilizazioan parte hartzera eta horien zabalpenean laguntzera. “Mundua euskararen eta euskaldunon aurka datorren honetan, euskaldunok euskara dugu munduaren alde”, esan dute.
