Materrek itsasoaren zaintza aldarrikatuko du zortzigarrenez
Martxan da Zero Zabor Uretan kanpaina, itsas hondakinen arazoari buruz gogoeta egiteko eta irtenbideak bilatzeko prozesu parte hartzailea.
Martxan da Materrek antolatzen duen Zero Zabor Uretan erakusketa. Eskifaia tokiko eragileek osatzen dute: udalek, ikastetxeek, merkatariek, kultur elkarteek eta itsaso eta etorkizun osasuntsuago baten alde lan egiten duten pertsonek.
Zero Zabor Uretan “itsas hondakinen arazoari buruz gogoeta egiteko eta irtenbideak bilatzeko prozesu parte hartzailea sortu nahi duen kanpaina” dela adierazi du Materrek. Materrek sustatzen duen iniziatibaren baitan, eragile ezberdinek itsas zeharkaldiren bat egiten dute Mater ontzian. Aurtengoa kanpainaren zortzigarren ekitaldia da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta Libera proiektuaren babesa du.
Ontziko zeharkaldia uztailean hasiko da, baina mugimendua hasi da jada Materrek bisitatuko dituen herrietan. Bide horretan, Pasaiako, Hondarribiko, Bilboko, Portugaleteko, Bermeoko, Ondarroako, Mutrikuko eta Getariako haurrek mezuak idatzi dituzte. Udalen laguntzarekin, sentsibilizazio eta ahalduntze hitzaldiak egin dira, eta Materrek sortu dituen bi erraldoiak eraman ditu horietara: Bio eta Zabor. Bio bizitza ahalbidetzen duen izaki bizidunen sarea da, eta Zabor itsas hondakinen munstroa, egunero sortzen den kantitate jasanezinarekin gero eta handiagoa egiten dena.
Haurrek sortu dituzten mezuak “hausnarketarako deia” egiten dutela baietsi du Izaskun Suberbiola Materreko zuzendariak: “Ekintza bakoitzak balio du; gure eguneroko ohiturekin eta kontsumoarekin boto indartsua ematen dugu nahi dugun etorkizuna eraikitzeko. Hala ere, badirudi helduoi zaila egiten zaigula ekintzara pasatzea eta gure erosotasun eremutik ateratzea; horregatik egiten dugu lan haur eta gazteekin, oraindik helduok pairatzen dugun erosotasun autosuntsitzaile hori ez baitute barneratu”.
