Euskararekin Aktibatuz! jarraituko dute Oarsoaldeko kirol klubek
Kirol arloan gazteekin euskararen erabilera sustatzeko egitasmoan zazpi kirol elkarte parte hartzen ari dira.
Gazteen kirol arloan euskararen erabilera sustatzeko programa da Aktibatuz!, belaunaldi berrietan hizkuntzaren normalizazioak duen konpromisoa sendotzeko. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak jakinarazi du zazpi klub ari direla egitasmoan parte hartzen, eta etapa berri bati ekingo diotela. Honakoak dira zazpi kirol elkarte horiek: futbolean, Allerru Kirol Elkartea, Oiartzun Kirol Elkartea, Touring Kirol Elkartea, Pasaia Kirol Elkartea, eta Trintxerpe Kirol Elkartea; txirrindularitzan, Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola; eta eskubaloian Errenteria-Oreretako Ereintza Eskubaloi Taldea. Eskualdeko udalen bultzada du egitasmoak.
Etapa berri bati ekingo diote Aktibatuz!-en daudenek. Izan ere, azken hilabeteetan proiektuaren oinarriak eguneratu eta berrantolatu dira, eta datorren ikasturtean hasita lanketa praktiko berriak abiatuko dituzte. Abete hizkuntza zerbitzuaren laguntza izango dute klubek horretarako.
Euskara bizipen baikorrekin lotzeak hizkuntza ohituretan eragina duela uste dute egitasmoaren bultzatzaileek, eta horrek, entrenatzaileen nahiz kirolarien inplikazioa sustatzen duela azaldu dute, dinamika erakargarri eta entretenigarriak sortuz.
