Ontzientzako hornidura elektrikoko azpiegitura jarri du Iberdrolak portuan
Portuan atrakatuta dauden ontziei aukera emango die lehorreko sarera konektatzeko, energia berriztagarriz hornitzeko eta atmosferaren eta akustikaren kutsadura murrizteko.
Iberdrola konpainia elektrikoak Onshore Power Supply azpiegitura berria ezarri du Pasaiako portuan. Iniziatiba horrek portuko ekosistema elektrifikatzeko xedea du, eta portuan atrakatuta dauden ontziei aukera emango die lehorreko sarera konektatzeko bertan dauden bitartean, energia berriztagarriz hornitzeko eta atmosferaren eta akustikaren kutsadura murrizteko.
Kaputxinoseko kaian instalatu dute konexio puntua, eta bere helburua da UECC ontzi enpresaren Ro-Ro motako itsasontzi hibridoei zerbitzua ematea. Ontzi hibridoak ibilgailuen garraiorako dira, eta portuko trafiko nagusietako bat dela jakinarazi du Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA).
“Azpiegitura hori edukitzeak berotegi efektuko gasen emisioak nabarmen murriztea eta portu inguruneko airearen kalitatea hobetzea ahalbidetuko du. Horrelako ekintzekin, Pasaia portu eko-jasangarri eta bere jardueraren deskarbonizazioarekin konprometitu gisa sendotu nahi dugu”, adierazi du Izaskun Goñi PPAko zuzendariak.
Nazioarteko Itsas Erakundearen kalkuluen arabera, Onshore Power Supply teknologiaren erabilerak soinu inpaktua 16 dezibelioetara murriztuko duela nabarmendu du PPAk, “motor osagarriek sortutako zarata erabat ezabatuz”. Motor horiek, orain arte, zamalanetan itsasontzien ekipamendu guztia funtzionamenduan mantentzeko erabili izan dira, eta, hortaz, “zarata hori ezabatzeak portuaren inguruko bizilagunen bizi kalitatea hobetzea” ekarriko du PPAren ustez.
Honakoak nabarmendu ditu portuak abantailen artean: erregai tradizionalen aldean aurreztea, atmosferara igorritako emisio lokalak murriztea, atrakatzean sortutako bibrazioak eta zaratak murriztea eta motor osagarriak gutxiago higatzea.
