Sistema gaurtik eraldatzera deitu du mugimendu feministak
Elkarretaratzea egin dute Arguedasko hilketa matxista salatzeko, eta indarkeria matxistaren aurrean planto egitera deitu dute.
Gogor salatu du Euskal herriko Emakumeon Mundu Martxak joan den igandean Arguedasen (Nafarroa) izandako hilketa matxista; urtea hasi denetik Euskal Herrian gizon batek hil duen laugarren emakumea izan da Saida; beste bi emakume hiltzeko saiakera ere izan da. Indarkeria matxista, gordinenean. Elkartasuna eta berotasuna helarazi zieten emakumearen senide, lagun eta gertukoei protestara bildutakoek, eta nabarmen jarri, zenbaki horien atzean, bizitzak daudela, “eta ezin dugu onartu indarkeria honek etenik ez izatea”.
Enegarrenez, ozen mintzatu ziren, eta nabarmen jarri gertaera ez dela zoratutako gizon baten ekintza isolatua, “erailketa hauek izebergaren punta besterik ez dira. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon kontrako indarkeria”. sistema hierarkikoa dela eta emakume zein gorputz disidenteak egoera ahulago eta zaurgarriagoan kokatzen dituela egunero gaineratu dute, “prekarizazio material eta sozialaren bidez”. behin eta berriz errepikatu duten ideia bat berriro lehen lerroan jarri zuten, egiturazkoa dela indarkeria matxista, “eta hainbat zapalkuntza ardatzek gurutzatzen dute”.
Dolu keinu instituzionalak ez dituzte nahikoak oso larria delako egoera eta horrenbestez, urgentziazko neurri errealak exijitu zituzten: Erakunde eta instituzioei irmotasun handiagoa. Adierazpenetatik harago, baliabide ekonomiko, politiko, sozial integralak prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko, eta sistema judizial eta asistentzial matxistak desmuntatzea; Jendarteari, konplizitate oro apurtzea eta erantzukizuna hartzea galdegin zioten atzoko protestan, “indarkeria matxistaren kontrako borroka ez da Mugimendu Feministaren emakumeon kontua soilik, jendarte osoaren premiazko ardura baizik”.
Larria da egoera, indarkeria matxistak emakumeak hiltzen jarraitzen du eta argi esan dute ezin direla “ohiko” erantzunetara mugatu: “bada garaia Euskal Herri gisa horrelako erasoen aurrean tinko eta modu bateratuan erantzuteko; hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da”. Autodefentsa feministarako deia, bukatzeko: “Autodefentsa feminista da gure tresna. Kaleak hartzera, antolatzera deitzen dugu jendartea”.
