Goi mailako xakea Trintxerpen
Pasaiako Udalak eta Beraun Bera elkarteak Pasaiako Nazioarteko I. Xake Txapelketa antolatu dute hilaren 29tik 31ra. Txapelketa Andonaegiko frontoian lehiatuko da.
Pasaiako Udalak eta Errenteria-Oreretako Beraun Bera elkarteak, Euskadiko eta Gipuzkoako Xake Federazioaren laguntzarekin, Pasaiako Nazioarteko I. Xake Txapelketa antolatu dute. Txapelketa Trintxerpeko Andonaegiko frontoian lehiatuko da, hilaren 29tik 31ra, eta Nazioarteko Xake Federazioaren araudiaren arabera ebaluatuko da.
Julen Rodriguez Kirol zinegotziak eta Urtzi Urdanpilleta Beraun Bera taldeko kideak aurkeztu dituzte egitasmoa bera eta programazioa. Honakoa adierazi du udal hautetsiak: “Badakigu xakea kirol bikaina eta interesgarria dela publiko eta adin guztientzat, partidetan estimulazio kognitiboa lantzen baita. Iaz jarduera hau Pasaiako gure adinekoengana hurbildu genuen jubilatuen etxeetan. Beste pauso bat eman dugu eta Pasaiara nazioarteko open bat ekartzea lortu dugu, adin guztiei irekia eta asteburu batez Trintxerpeko Andonaegiko frontoian jokatuko dena. Leku hori gaitzen ari gara, horrelako ekitaldietarako bete beharreko araudia bete dezan”.
Txapelketa zazpi txandatako sistema suitzarrean jokatuko da; lehenengoa ostiraleko 16:00etan eta azkena igandeko 12:30ean. Orotara, 4.000 euroko sariak banatuko dira. Lehen hamar sailkatuei sariak banatuko zaizkie hiru ataletan, haur da, 30 sari guztira. Horrez gain, hainbat sari berezi ere izango dira: beteranoa (65 urte edo gehiago), emakume jokalari onena eta oinarrizko sariak (14, 16 eta 18 urtez azpikoak).
Gaueko txapelketa
Nazioarteko I. Xake Txapelketarekin batera, hilaren 30eko gauean Pasaiako I. Gaueko Blitz Txapelketa ere jokatuko da. Txapelketa hori “ludikoagoa” dela jakinarazi du Rodriguezek, eta mundu guztiari dago irekia, federatuak edo federatu gabeak: “Ordu gutxitan jokatzen da eta oso dinamikoa da; horregatik, edozein adin eta mailatako pertsonak animatu nahi ditugu parte hartzera”.
Gaueko txapelketa 22:30ean hasiko da Trintxerpeko frontoian. Hori ere zazpi txandatan jokatuko da, eta bost sari banatuko dituzte.
Izen emateak
Bi txapelketetako izena emateak irekita daude jada, eta Pasaiako Udalaren zein Beraun Bera taldearen webguneen bidez egin daitezke. Izena emateko epea hilaren 28an (osteguna) bukatuko da. Orain arte 63 pertsonak eman dute izena Nazioarteko I. Xake Txapelketan eta 22k gauekoan.
“Txapelketa hauen espiritua, xakea Pasaiara erakartzeaz gain, kirolari lotutako kalitatezko turismoa sustatzea da. Ziur gaude turismo mota honek udalerrian, ostalaritzan zein merkataritzan itzulkin positiboa eragingo duela. Baieztatuta daukagu jendea etorriko dela Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik, Errioxatik, Asturiastik, Nafarroatik eta Madrildik”, jakinarazi du Rodriguezek.
