Madalenetako laguntzaileak hautatzeko deialdian izena eman daiteke
Bihar, asteartea 26, zabalduko dute interesdunek izena emateko epea.
Madalenetako laguntzaileak kontratatzeko deialdia egin du Errenteriako Udalak, eta horren arabera, bihartik –asteartea, 26– izena emateko epea zabalduko du, ekainaren 8ra arte. Deialdiaren helburua, uztailaren 21etik 25era lana egiteko pertsonak hautatzea da, eta zerrenda hori, aurreko aldietan bezala, Atlantikaldian zehar lan egiteko ere baliatuko du udalak.
Baldintzen artean, ondokoak: 18 urteak beteta izatea kontratuaren hasiera datan; langabezian izatea kontratuaren hasiera datan; gutxienez, eskola ziurtagiria izatea; euskaraz elkarrizketa bat izateko gauza izatea. Azken horrekin lotuta, hautatuak direnak deitu egingo dituzte udal euskaltegian elkarrizketa bat egiteko; ez dute azterketarik egin beharko 2 hizkuntza eskakizuna edo baliokidea egiaztatuta dutenek, edota 2013 eta 2025artean deialdi bererako eginiko euskara froga gainditu zutenek.
Lehentasuna izango dute Errenteria-Oreretan erroldatutako pertsonek eta zozketa, ekainaren 23an egingo dute. Emaitza, udal egoitza elektronikoan argitaratuko dute. Hautatutakoek ez badute euskara maila egiaztatuta, hizkuntza probak egin beharko dituzte; horiek, ekainaren 26an egitea aurreikusia dago, baina deitu egingo dituzte.
Hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaerak telematikoki aurkeztu behar dituzte (klik hemen). Izena eman nahi dutenek, baliabide elektronikoen erabileran laguntzeko eskubidea izango dute. Horretarako 943 44 96 00 telefono zenbakira deitu behar dute edota udaletxeko zein Aldakoeneko Zu! zerbitzura jo udalaren ordutegian.
Hautatuak izan diren pertsonei eta lehenengo 20 ordezkoei posta elektroniko bidezko mezua bidaliko zaie informazio guztiarekin, eta hautagaiek berek kontsultatu beharko dute posta elektronikoa zozketaren egunean eta hurrengoan. Hori horrela, ezinbestekoa da hautagaiak, eskaera orrian bere posta elektroniko helbidea garbi adieraztea.
Kontratatutako pertsonek uztailaren 17an 09:00etan Reina aretoan egingo den aurretiazko bilerara joan beharko dute. Egin beharreko lanaren gaineko argibideak emango dizkiete bertan.
