Donibaneko saneamendu sareko lanen zati baterako, adostasuna
Aldundiak adierazi du obren zati bat lizitatzeko aukera emango duen erakundeen arteko akordioa egin dela.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak jakinarazi du Donibaneko uren saneamendu sarearen gaineko lanen gaian adostasuna lortu dutela erakunde horrek, Pasaiako Udalak, URA Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak. Hitzarmen hori jada onartu egin du aldundiko Gobernu Kontseiluak. Beraz, lanak lizitatu ahalko direla adierazi du Jasangarritasun Departamentuak; zehazki, Bizkaia plazan, Juan XXIII kalean eta Donibane kalearen hasieran jarduteko desblokeoa eman dela azaldu du aldundiak. Akordio horrek 2023an sinatutakoa ordezten duela zehaztu du foru erakundeak, “proiektu teknikoa eguneratu eta plangintza hiri ingurumeneko benetako baldintzetara egokitu behar izan delako”. Hitzarmenean zehaztuta daude lan horietan inplikatuta dauden aldeen erantzukizunak.
Onartu den hitzarmenaren arabera, Idom Consulting enpresak apirilean idatzitako proiektua gauzatuko da, 1.464.100 euroko aurrekontuarekin. Aldundiak ez du zehaztu noiz hasiko diren Donibaneko zati horretan ur saneamendu sarea duintzeko obrak oraindik ere hainbat urrats egin behar direlako horiek abiatzeko, lizitazioa egin edo lanak nork egingo dituen erabaki behar da oraindik ere adibidez. Baina azaldu du behin hasten direnean zortzi hilabetean eginak izanen direla. Hala, Bizkaia plazan, Juan XXIII kalean eta Donibane kalearen hasieran (gaur jakinarazi den hitzarmenean eremu horiek sartzen dira) etxebizitzetako ur zikinak eta euri urak bereiziko dituen hodien sarea ezarriko da, eta ponpaketa estazio bat ere jarriko dute: estazio horren bidez ur zikin edo hondakin-urak Loiolako araztegira eramango dira.
Aldundiak bere aldetik hartu dituen konpromisoen berri eman du. Hala, lan horien kostuaren %30 haren esku geldituko dela adierazi du (439.230 euro), eta horrez gain, proiektuaren exekuzio teknikoa gidatuko du, obren lizitazioa, kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapena barne. Aldundiaren esanetan, Pasaiako Udalari dagozkio “beharrezkoak diren lurzoruak eskura jartzea, euri-urak jatorrian bereiztea saneamendu-sarean sar ez daitezen, bai eta trafikoa, mugikortasuna, herritarrekiko komunikazioa eta obrek irauten duten bitartean gorabeherak konpontzea ere”.
Hitzarmenaren gainean pozik mintzatu da Jose Antonio Asensio aldundiko Jasangarritasun diputatua: “Hitzarmen honek erakusten du borondate politikoa dagoenean proiektuek aurrera egiten dutela. Gaur urrats sendo bat egin dugu atzerapenak atzean uzteko eta Donibanerako eta Pasaiako badiako ingurumen-osasunerako ezinbestekoa den obra bat abian jartzeko. Jasangarritasun Departamentuak berriz ere frogatu du bere konpromisoak betetzen dituela, konponbideak bultzatzen dituela eta erakundeen arteko lankidetzatik lan egiten duela herritarrek denbora gehiegi itxaroten daramatzaten proiektu konplexuak desblokeatzeko”.

Donibanen martxo hasieran egin zen herri batzarraren irudia. Argazkia: Pasaiako Udala.
Aurretik, udala herritarrekin
Aldundiak gaur jakinarazitakoa baino lehenago, pasaitarrek, zehazki zuzenean inplikatuta diren sanjuandarrek lanen nondik norakoen berri izan zuten. Martxoaren hasieran Donibaneko saneamendu proiektuaren berri emateko, Pasaiako Udalak batzar ireki bat egin zuen barrutiko bizilagunekin. Saiora 60 lagun inguru bertaratu ziren, eta balorazio “oso positiboa” egin zuen udalak, “herritarrekin sustatu nahi den bertatik bertarako eta etengabeko harremanerako beste urrats garrantzitsu bat” izan zelako. Saioaren helburuak izan ziren saneamendu proiektuak azken urteetan izan duen bilakaera herritarrei azaltzea, zalantzak argitzea eta hurrengo urratsen inguruan elkarrizketa partekatua sustatzea, “inplikatutako alde guztien ardurak eta zereginak mahai gainean jarriz”.
Batzar horretan udalak zehaztu zuen orduko hartan (martxoaren hasieran) lan horien exekuzio proiektua idazketa fasean zegoela, eta aldundiak udalari emandako epeen arabera, proiektu horren idazketa maiatzean bukatzea aurreikusia zegoela. Ondoren, proiektua jendaurrean jarriko litzateke alegazioetarako, hitzarmen berria sinatu, udan lanak kontratatu eta udazkenean obrak hasi. “Aldundiak diseinatutako kronogramaren arabera, lanak urtea bukatu baino lehen hasiko lirateke”.
Aldi berean, Iraitz Pazos Hirigintza, Ingurumen eta Zerbitzu zinegotziak azaldu zuen Donibaneko saneamendu sare berri egiteko 2009ko lehen proiektutik gaur egungora arteko ibilbidea “luzea eta konplexua” izan dela, “bizilagunek merezi dutena baino luzeagoa”. 2021eko urrian saneamenduaren aurreproiektua publikoki aurkeztu zen. 2023ko apirilean Gipuzkoako Foru Aldundiak Bonantza-Santiago plaza zatiko eraikuntza proiektua onetsi zuen, baina 2025ean, baloratu zen egokiagoa zela obrak Bizkaia plazatik hastea. Aurreko planteamendua alde batera utzita, fase horri dagokion proiektu teknikoa garatzeari ekin zitzaion.
Herritarrek martxoko batzarrean egindako galderak eta ekarpenak “askotarikoak” izan zirela aitortu zuen Aintzane Taberna Donibaneko alkateordeak: “Lehen faseko obren iraupenari, trafikoan eta aparkalekuetan izango diren eraginei, ponpaketa sistemen ezaugarriei edo euri uren kanalizazioari buruzko xehetasunak eskatu zituzten”. Hurrengo faseei buruzko zalantzak eta proposamenak ere plazaratu ziren, Donibane kaleari eragingo dioten esku hartzeak lehenbailehen aurreratzeko eskaria eginez
