Aiton Amonen Borda, bizi-bizi
Mendekosteetan, besteak beste, dantzaldia eta jolasak egin zituzten. Nafarroara joateko txangoa prestatzen ari dira.
Aiton Amonen Bordakoak, mendekosteetan dantzan.Aiton Amonen Borda Jardueraz beteriko asteak izaten ari dira Lezoko Aiton Amonen Bordan. Batetik, era aktiboan parte hartu dute joan den igandean bukatu ziren Mendekoste Festetan, hainbat jarduera antolatu zituztelako. Bestetik, ekainerako txangoa prestatzen ari direla zehaztu dute, Nafarroara joateko asmoa dute hil horren 10ean.
Mendekosteetako larunbatean (hilaren 23an), esaterako, dantzaldia egin zuten herriko erretiratuen elkarteko bazkideek Gurutze Santuaren plazan. Eguzki latzari aurre eginez, azken asteetan ikastitako dantzak plazara eraman zituzten (goiko irudian). Dantza egitera animatu ziren gehienak emakumeak izan baziren ere, larunbateko arrakasta eta ilusioa ikusita ziur hurrengo batean gizon gehiagok bat egingo dutela dantza saioarekin.
Igandean (hilaren 24an), berriz, herritar orori irekia zen toka, igela eta poto txapelketak egin zituzten goizez, Goiko Plazan. Punteria ariketetan trebeenak, hau da, irabazleak, honakoak izan ziren:
Tokan
- 1. Ignacio Sanchez
- 2. Egoitz Apraiz
Igelan
- 1. Xabi Vargas
- 2. Leire Oñaederra eta Cris Nogeira
Potoan
- 1. Xabi Vargas
- 2. Ion Irazustabarrena

Toka, igel eta poto txapelketetan sariak jaso zituztenen talde argazkia. Argazkia: Aiton Amonen Borda.
Nafarroara txangoa
Mendekosteak atzean utzita, ekainaren 10erako txangoa egingo duela jakinarazi dute Aiton Amonen Bordako zuzendaritzako kideek. Zehazki, Leitza eta Iruñea ezagutzera joango dira egun horretan. Txangoarekin bat egin nahi dutenek erretiratuen elkartearen egoitza eman behar dute izena, 35 euroko prezioa du bidaiak. Lezoko Udalaren laguntza izan dute irteera antolatzeko garaian.
Ekainaren 10eko txangoa 09:00etan aterako da Lezo Herri Eskolako aparkalekutik. Lezo utzi, eta lehen geldialdia Leitzan egingo dute hango Peru Harri harriaren museoan bisita gidatuaz gozatuko dutelako 11:00etan hasita.
Bisita bukatutakoan Iruñera joango dira bazkaltzera. Hango New Trajal jatetxean egingo dute otordua, 14:00etan hasita.
Bazkalostean tarte librea izango dute txangoarekin bat egin dutenek Iruñea hobeki ezagutzeko. 19:00etan dira ateratzekoak Nafarroako hiriburutik Lezo aldera.
