Mugikortasun plan berria izango du Pasaiak
Pasaiako Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarriko plana egingo du. Mugikortasun ohiturak aztertuko ditu, trafikoa, aparkalekua eta espazio publikoa berrantolatzeko.
Pasaiako Udalak Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plana (HMJP) idazteko zerbitzuen kontratua sinatu du. “Tresna estrategiko” horrek Pasaiako mugikortasunaren etorkizuna planifikatzea ahalbidetuko duela jakinarazi du udalak, “eredu osasungarriago, eraginkorrago eta ingurunearekiko errespetutsuago baterantz” aurrera eginez.
Mugikortasun planaren helburua da “mugikortasun eredu arrazionalago, seguruago eta jasangarriago bat” definitzea, “herritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duena eta hiri eta ekonomia garapena gizarte kohesioarekin eta ingurumenaren babesarekin bateragarri egingo duena”. Horiek betetzeko, HMJPak “sakon” aztertuko du nola mugitzen diren gaur egun pasaitarrak, eta neurriak proposatuko ditu “irisgarritasuna hobetzeko, emisio kutsatzaileak murrizteko eta desplazamendu modu jasangarriagoak sustatzeko”.
Oinezkoak erdigunean
HMJP berriak espazio publikoaren erabileran “hierarkia berri bat” ezarriko duela jakinarazi du udalak, “non oinezkoa izango den protagonista, eta, ondoren, garraiobide ez motorizatuak (bizikleta), garraio publikoa eta, azkenik, ibilgailu pribatua”. Bide horretan, mugikortasun plana lau jarduera ildo nagusitan egituratuko du udalak:
- Oinezkoen mugikortasuna bultzatzea.
- Bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea.
- Trafikoa moderatzea eta ibilgailu probatuaren erabilera murriztea, alternatiba jasangarriak sustatuz.
- Garraio publikoa eta intermodalitatea indartzea.
Horiez gain, planak beste hainbat gai ere jorratuko dituela baietsi du udalak, hala nola, bide segurtasuna, eskola mugikortasuna, salgaien garraioa, zerbitzu eta ekipamenduetarako irisgarritasuna eta trafikoari lotutako zarataren eta emisio kutsatzaileen murrizketa.
Prozesu parte hartzailea
Lana hainbat fasetan gauzatuko dela aurreratu du udalak. Azterketa fasean trafikoari, oinezko eta bizikleten mugikortasunari, garraio publikoari eta eguneroko mugikortasunari buruzko azterlan espezifikoak egingo ditu udal erakundeak, udalerriko joan-etorrien ereduak zehaztasunez ezagutzea ahalbidetzen duten inkestak eta landa lanak barne.
Horrez gain, herritarrek parte hartzeko mekanismoak izango ditu prozesuak, herritarren eta eragileen ekarpenak jaso ahal izateko.
Aparkalekuak
HMJPak landuko duen “funtsezko” ataletako bat Pasaiako aparkaleku sistemaren berrazterketa eta berrantolamendua izango direla jakinarazi du udalak. Azterketa horri esker, “udalerriko eremuen arteko saturazio egoerak, erabilera bidegabeak edo desorekak identifikatu” ahal izango direla adierazi du udal erakundeak.
Azterketa horrekin, HMJPak aparkalekuak kudeatzeko eta arautzeko proposamenak jasoko ditu, bertakoen premiak, txandakako aparkalekuak eta zamalanetarako espazioak kontuan hartuta. Aparkaleku espazio berrien kokapena ere aztertuko du udalak beharrezkoa denean, eta oinezkoentzako kalitate handiagoko hiri erabileretarako espazio publikoa liberatzeko aukera emango duten neurriak proposatuko dira.
Proposamen horiek aparkalekuen udal ordenantzarekin koordinatuko direla zehaztu du udalak, “aparkalekuen kudeaketa eraginkorragoa lortzeko eta udalerrian ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna murrizten laguntzeko”.
Prozesu horrekin, udalak “mugikortasun eredu jasangarriago, irisgarriago eta orekatuago baten oinarriak ezarri nahi ditu, Pasaiako egungo eta etorkizuneko beharretara egokituta”.
