Anastasia Guramishviliren piano errezitaldia, larunbatean
Andra Mari abesbatzak antolatu du musika emanaldia, Harmonia ederrean zikloaren barruan.
Anastasia GuramishviliAndra Mari abesbatza Andra Mari Abesbatzak, inguruko kultura sustapenarekin eta musika hedapenarekin duen konpromisoari jarraituz, emanaldia antolatu du larunbaterako, hilak 30, Harmonia Ederrean zikloaren barruan. Oraingo honetan Anastasia Guramishvili interprete gazteak hartuko du abesbatzaren egoitza, piano errezitaldia egiteko.
Emanaldia, 19:30ean hasiko da, Andra Mari Abesbatzaren egoitzan (Pablo Iglesias kalea, 11 – Errenteria), eta sarrera doakoa eta librea izango da, aretoa bete arte.
Tbilisin (Georgia) 2007an jaioa,bost urte zituela hasi zen pianoa jotzen Guramishvili. Bere lehen etapa akademikoa Tbilisiko Vano Sarajishvili Estatu Kontserbatorioko Musika Mintegian garatu zuen, piano eta konposizio espezialitateetan. Donostian finkatu ondoren, ikasketak osatu eta titulu ofiziala lortu zuen Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalean.
Harmonia Ederrean zikloak berezko duen maila gorenari eutsiz, kontzertu honetarako hautatutako errepertorioak zailtasun tekniko handiko eta adierazpen sakoneko lanak biltzen dituela azaldu du Andra Marik: “Piano-literatura unibertsaleko funtsezko obrak hurbilduko interpretatuko ditu interprete gazteak, garai eta estilo ezberdinetan barrena. Garaian garaiko estiloen arteko lotura izango da hitzorduaren ardatza: interpreteak Johann Sebastian Bachen barrokoa eta Ludwig van Beethovenen klasikotasuna erakutsiko dizkigu hasieran, Frédéric Chopinen erromantizismoan murgilduko da ondoren, eta Sergei Rachmaninoff zein Sergei Prokofieven errusiar eskola indartsuarekin bukatuko du emanaldia”.
Kontzertua, aukera paregabea izango dela interprete belaunaldi berrien talentuari “pultsua hartzeko” sinistuta azaldu da Andra Mari, eta horrenbestez, herritarrak bertaratzera deitu ditu.
