Errugbia Plazara dinamikari ginga jarriko diote
Orereta Rugby taldeak herritar oro animatu du gerturatu eta bat egitera.
Aurreko asteko saioa.Orereta Rugby Taldea Arrakastatsua. Hala izaten ari da Orereta Rugby taldeak aurtengo denboraldiari ginga jartzeko antolatu duen iniziatiba. Errugbia ezagutarazi eta zaleak gerturatzeko dinamika berria egiten ari da hilabete osoan zehar, asteazkenarekin, herriko hainbat plaza errugbi zelai bilakatuta. Beraunen egin zuten Errugbia plazara dinamikaren lehen saioa, Koldo Mitxelena plazak hartu zuen lekukoa, Gernika plazara eramango zuten iniziatiba ondoren, eta gaur Agustinak auzoan izango da Koldo Mitxelena ikastetxearen Markola eraikinean. 17:30etan hasita 19:00etara egingo dute jardunaldia jolastoki estalian.
Parte hartzaileek errugbiaren mekanikaren azalpen txiki bat jasoko dute hasieran, eta horren ondotik, taldeko harrobiko jokalariekin batera, plazan bertan jokatuko diren plakajerik gabeko partidetan praktikan jarriko dute ikasitakoa. Ikustera gerturatzen direnek ere har dezakete parte, partidara batuz, edota taldeko kideengandik azalpenak jasoz.
Hilabeteko egitarauari larunbatean jarriko diote ginga Agirre Lehendakariaren plazan saioa eginda 11:30etik aurrera.
Orereta Rugby taldeak herritar oro animatu du gerturatu eta bat egitera.
Denboraldiko azken partidak ere asteburuan jokatuko dituzte, igandean zehazki, Kontxako hondartzako txapelketan arituko baitira Kimu, benjamin eta Haur kategorietakoak 10:00etatik aurrera. Euskal Herritik Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Lapurdiko ordezkariak, eta Errioxakoak ere ariko dira lehian.
