Marrukeneko 170 etxebizitzak, hurbilago
Udalak eta Iberdrolak hitzarmena sinatu dute, Marrukeneko azpiestazio elektrikoa tokiz mugitu eta hura zen orubea libre uzteko.
Arruti eta Urrutia, hitzarmena sinatzen. Lezoko Udalak eta Iberdrolaren banatzaile den i-DE Redes Electricas Inteligentesek hitzarmena sinatu dute gaur udaletxeko areto nagusian. Izenpetutako akordioak bi adarreko onurak ekarriko dizkio herriari: batetik, Marrukeneko azpiestazioa kendu (Lezori eta inguruko herriei ematen die zerbitzu), eta bertan etorkizunean 170 etxebizitza egiteko bidea erraztuko da geldirik zen proiektu bati lehen bultzada emanaz; bestetik, azpiestazioa bera tokiz aldatzearekin batera, herriko sare elektrikoan onurak iragarri ditu energia enpresak. Hainbat urteko lanaren emaitza izan da akordioa.
Mikel Arruti Salaberria alkatea eta Iker Urrutia Galdos Iberdrola taldearen barruan den i-DE Redes Electricas Inteligenteseko buruak sinatu dute akordioa. Arrutik berak eta Arantxa Garcia de La Piedad i-DEko Gipuzkoa ekialdeko banaketa arduradunak azaldu dute zer sinatu duten. Alkatearen arabera, hitzarmenak garrantzi handia du Lezorako, hari esker Marrukeneko eremuko azpiestazio elektrikoa mugiarazteaz gainera, hura birgaitzeko baliagarri izango delako, “Lezoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eremu horretarako proiektu urbanistiko bat du, eta hor 170 etxebizitza egiteko aukera azaltzen da. Estazio hori tokiz mugituta, eremu bat libre geldituko da, eta karga bat gutxiago izango da egitasmo urbanistiko hori aurrera eraman ahal izateko”.
Arrutik zehaztu du, ordea, ez duela esaterik etxebizitzak noiz egingo diren. Azpiestazioaz gain, horiek egitea oztopatzen duten beste hainbat faktore daudelako, hala nola enpresak, etxebizitzak, eta bestelako azpiegiturak daude han. 170 etxebizitza horietatik %50 merkatu librekoak lirateke, %30 tasatu babestuak, eta beste %20 babes ofizialekoak. Etxebizitzak egin bitartean, ordea, behin-behineko erabilera bat eman nahi dio udalak azpiestazioak libre utziko duen eremuari: behin-behineko aparkalekua egin nahi du. “Marrukeneko eremuaren zati hori libratuta aurrera urrats garrantzitsua emango dugu. Etxebizitzaren arazoa oso zabaldua dago. Badakigu honekin ez dela dena soluzionatuko, eta egitasmoa garatu ahal izateko lan asko egin beharko dela, baina urrats handia eman da plan urbanistikoa garatu ahal izateko. Gobernu taldetik bertako lur eremuen jabeekin harremana egingo dugu egoera berria zein den azaltzeko, eta proiektu urbanistikoa garatu ahal izateko urratsak emateko. Baina hori ez da berehalakoan izango”. Aldi berean, behin-behineko aparkalekua egin ahal izateko inguruko lurren jabeekin harremana egingo dutela azaldu du Arrutik.
Alkateak zehaztu du Marrukeneko estazioa ez oso urrutira mugituko dutela, Erriondo bailarako Peliar eta Bordaberri baserrien inguruan den lur publikoetara. Lur horien lagapena egi dio udalak Iberdrolari han instalazio berria egin dezan.
Zehaztasun teknikoak
Garcia de La Piedadek Iberdrolaren partetik hainbat xehetasun tekniko eman ditu. Hasteko, pozik azaldu da azpiestazioa mugitzeak Lezori onura egingo diolako bertarako idatzia den plan urbanistikoa garatzeko bidean. Bestetik, Iberdrolaren asmoa trantsizio energetikoan eta elektrifikazioan bideratzaile izatea dela aipatu du, eta bide horretan garapen sozioekonomikoan lankidetza publiko-pribatuak garrantzia duela, “horren eredu da hitzarmen hau”. Administrazioetatik gertu izanda, “lurraldearen hazkundean” laguntzen saiatzen direla esan du Iberdrolaren ordezkariak, “eta oso garbi dugu honaino iristea ekarri gaituena izan dela Lezoko udal gobernuaren irmotasuna eta arintasuna. Hori oso garbi dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet”.
Marrukeneko azpiestazioa ez da bere horretan mugituko. Berri bat egingo du Iberdrolak Erriondo bailaran, Oiartzungo lurretatik oso hurbil. Horregatik, Garcia de la Piedadek azaldu du elektrizitate horniduran kalitatea handitu egingo dela, eta irits daitezkeen elektrifikazio sareen prestaketan lagungarri izango dela, “hemendik urrunera beharko den sarea bideratuko dugu”. Aipatu du 2,5 milioiko inbertsioa egingo duela enpresak lekualdaketa gauzatzeko. Errindoko eremu horretan jada bada elektrizitate banaketa zentro bat, eta han Marrukenekoak dituen lineak jasoko dituzte. “Era horretan digitalizazioan aurreratuko dugu, instalazioak berrituko ditugu, eta hori oso onuragarria izango da udalarentzat ere. Exekuzioa martxan da. Aurten bukatzeko gai izango garela uste dugu. Gaur egungo sareen aldean, kalitate eta segurtasun handiagoa izango du berriak”.
