Zirrararaz betetako asteburua Allerrurentzat
Gizonen Gorengo Mailako taldeak jaitsiera ekiditeko kanporaketaren joaneko partida jokatuko du Arrasaten.
Futboleko liga gehienak bukatu diren arren, Allerruren hiru taldek oraindik ere asteburuan partidak izango dituzte. Horietatik bik garrantzi berezia dute, hurrengo sasoian Lezoko kirol elkartearen talde horiek non jokatuko duten jakiteko garrantzitsu izango direlako.
Asteburuko hiru partidetatik lehena nesken Haur Mailako taldearena izango da. Errenteria-Oreretako Touringen bisita jasoko dute bihar (hilak 30, larunbata) Plazetan (10:30). Sailkapenaren buru dira, eta Errenteriako taldearen kontra lidergo hori berresten saiatuko dira.
Eguerdian intentsitatea igotzen hasiko da Plazetan. Mutilen Gazte Mailako taldeak Intxaurrondoren kontra jokatuko du (12:00). Kategoria horretako Lehen Mailako erdialdean da taldea, baina biharkoa eta hurrengo asteburukoa irabaziko balitu, Gazte Mailako Gorengo Mailara igotzeko aukera luke; alta, hainbat ‘karanbola0 ere beharko lituzkete zuri-berdeek koska bat gora egiteko.
Igandean (hilaren 31n), asteburuko partidarik beroena. 17:30ean hasita, Mondragon B taldearen kontra jokatuko du Gorengo Mailako gizonen Allerruk. Maila ez galtzeko joaneko partida da Arrasatekoa. Bueltakoa datorren asteburuan jokatuko da Lezon. Beraz, lehen partida horretan emaitza on baten bila doaz lezoarrak, itzulikoan lasaiago aritzeko, betiere maila mantentzeko intentzioarekin.
