Bi final ditu Allerruk asteburuan
Gizonen talde nagusiak mailari eusteko partida jokatuko du Plazetan; Nesken F-8 taldea, berriz, Gipuzkoako Kopako finalean izango da.
Zirraraz betetako asteburua izango da Allerruren bi talderentzat. Gizonen Gipuzkoako Gorengo Erregional Mailako taldeak mailari eusteko itzuliko partida jokatuko du bihar (hilak 6, larunbata) Plazetan Mondragon B taldearen kontra: joaneko partidan 1-0 galdu zuten lezoarrek, beraz, maila mantentzeko emaitza hori irauli beharko dute. Final antzekoa izango da, beraz, larunbatekoa gizonen talde nagusiarentzat.
Nesken Haur Mailako F-8ko taldeak, berriz, Gipuzkoako Kopako finala jokatuko du bihar ere bai, Aiztondo taldearen kontra. Partida 11:00etan hasiko da Andoaingo Ubitarte zelaian. Sasoia titulu batekin osatzeko aukera izango dute neska gazteek.
Allerruk lezoarrei deia egin die Plazetara eta Andoainera joateko, herritarren bultzadarekin errazagoa egingo baitzaie jokalariei euren helburuak lortzea.
