Polizia Judizial eta Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri du informazio guztia udalak
Xenpelar Bertso Eskolaren inguruko auzian duen informazio guztia fiskaltzaren esku jarri du Errenteriako Udalak.
Elkarretaratzea Xenpelar Bertso Eskolaren barruan izandako eraso matxistak salatzeko. Errenteriako Udalak Poliza Judizial eta Adingabeen Fiskaltzaren esku jarri du Bertso Eskolaren inguruko auzian duen informazio guztia. Atzo bertan helarazi ziola informazio hori jakinarazi du udalak, joan den ostiralean —maiatzaren 29an— Bertso Eskolaren inguruko dokumentazioa eskatuz errekerimendua jaso ostean. Udalak duen informazioa, beraz, Ertzaintzaren eta Adingabeen Fiskaltzaren esku dago.
Horrela jakinarazi zuen Aizpea Otaegi alkateak astelehenean gobernu taldeko hainbat ordezkarirekin batera egindako agerraldian. Fiskaltzak errekerimendua egin ziola udalari, informazioa eskatuz azaldu zuen alkateak, eta bestetik, Bertso Eskolako ikasleen gurasoekin bilera egin zuela joan den asteazkenean gertatutakoaren berri zuzenean emateko eta lehen eskutik, eta ostiralean bertan, ertzain etxean bilera egin zutela aurrerantzean egin beharreko lanketari marko egokia jartzeko.
Prozesu osoan garden jokatu duela jarri du nabarmen udalak. Hala, maiatza hasieran, lehen aldiz, udalak Xenpelar Bertso Eskolaren inguruan zeuden salaketen berri izan bezain pronto, gai delikatu eta larria izanda, hainbat neurri hartu zituela esan du: “Ikasleen gurasoekin elkartu zen, zeuden akusazioen berri modu zuzenean emateko, auzia publikoa egin aurretik”. Bertso Eskolaren jardueraren etetea heldu zen gero, eta Ertzaintzarekin hainbat bilera egin dituela gaineratu du, biktimak beraien beharren arabera salaketak modu formalean nola egin lantzeko.
Atzo arratsaldean, berriz, Foru Aldundiko Berdintasun Organoarekin, Gobernantza departamentuarekin, eta Emakunderekin bildu zen informazioa partekatu, gertaeren berri eman, eta egindako urratsen inguruko lehen balorazioa egiteko.
