Hamazazpi alegazio egin dizkio Eguzkik Errenteriako HAPOari
"Ingurumenaren eta interes orokorraren defentsari" lotutako alegazioak direla zehaztu du talde ekologistak.
Errenteria-Oreretako ikuspegi orokorra. Eguzki talde ekologistak hamazazpi alegazio aurkeztu dizkio Errenteriako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO). Plan horren berrikuspenaren hasierako onarpenaren kontrako idazkia aurkeztu du, hor daude hamazazpi ekarpenak: “Alegazio horiek gure kolektiboaren berezko helburuetako bati erantzuten diote, besteak beste, ingurumenaren eta interes orokorraren defentsari”
Alegazioetan sakonduta, Eguzkik azaldu du klima aldaketak eragiten dituen muturreko ondorio kaltegarriei aurre egiteko neurriak har daitezela eskatu duela: “Ziur gaude problematika horren tamainaren aurrean gure proposamenak ere ez direla nahikoak, baina ondorio negatiboak arintzen laguntzen dute, eta garrantzitsuagoa dena: administrazioari arreta jartzeko deia dira, erronka erraldoi horri konpromiso handiagoarekin, irudimen handiagoarekin eta, nola ez, inbertsio handiagoekin aurre egin diezaion”.
Eguzkik uste du klina aldaketaren ondorioak “bertan geratzeko etorri” direla, “eta arduraz jokatzea eta ingurumen egoera okertzea eta biodibertsitatea galtzea eragingo duten jarduerak saihestea beste aukerarik ez dugu”.
