XX. mendeko moda eta diseinua, Jantziaren Zentroan
1900 eta 1980 urteen artean moda eta diseinuak izan zuten bilakaera ikusteko erakusketa zabaldu du Jantziaren Zentroak, 'Moda & Design'.
Jantziaren Zentroaren sarreran jarri dute erakusketa berria.Jantziaren Zentroa 
Erakusketako jantzietako bi. Argazkia: Jantziaren Zentroa.
Kapitain Etxeko Jantziaren Zentroak erakusketa berria izango du bihar (latunbata) hasi eta irailaren 27ra arte, ‘Moda & Design’. 1900 eta 1980 urteen artean modak eta diseinuak izan zuten bilakaeraren berri aukera da, zortzi jantzi esanguratsuren errepliken bitartez. Horien alboan sorkuntza bakoitzaren gaineko informazioarekin nahiz jantzia ordezkatzen duen hamarkadako argibideekin panelak izango dira jarrita; paneletan, hamarkada horretako altzari baten irudia ere ikusgai.
“Historiako aldaketa handiek eragin zuzena izan dute gizartean, eta hori, besteak beste, janzkeran, altzarietan, arkitekturan zein eskulturan islatu da. XX. mendeko gertakariek, alegia, lehen eta bigarren mundu gerrak, iraultza industrialak, zein kontsumo azkarrak modan eta diseinuan ekarri zuten aldaketen berri ematen du erakusketak”, zehaztu dute Jantziaren Zentrotik.
Zortzi jantziren eskutik “XX. mendeak modan zein diseinuan ekarri zuen aldaketa azkarra” ezagutzeko proposamena irailaren 27ra bitarte doan ikusteko aukera izango da. Larunbatetan, goiz eta arratsaldez (11:00-14:00, eta 17.00-20.00tara) eta igande eta jaiegunetan 11.00etatik 14:00etara.
Lanak, eta bisita gidatua
Jantziaren Zentrotik jakinarazi dute bertako lehen eta bigarren solairuak itxita egongo direla hilaren 13tik 28ra, han erakusketa berri iraunkor beria jartzeko lanean ariko direlako.
Bestalde, zentroa ezagutu nahi dutenentzat bisita gidatu berezia prestatu dute hilaren 20rako (larunbata), 17:00etatik 19:00etara. Sei laguneko taldetan, ordu erdiko bisita laburra eskainiko da lau euroren truke. “Jantziaren Zentroan prestatzen ari diren jantziak ikusi eta lanean ari diren kideekin hitz egiteko aukera berezia da. Bisita berezi honen helburua da erakusketa baten muntaiaren atzean dagoen ezkutuko lan hori azaleraztea”, zehaztu dute.
Bisita horretarako aurrez eman behar da izena 943 49 45 21 telefono zenbakira deituta, edo posta elektroniko mezua bidalita.
