Euskaraz bizitzeko, Euskaltzaleon Martxara joateko deia Lezotik
Hilaren 13an egingo da Iruñean euskaraz bizitzeko "behar den dena" eskatzeko Euskaltzaleon Martxa. Lezon hara joateko autobusa antolatu dute.
Lezoko Euskararen Aholku Kotseiluko eragileak, manifestaziora deitzeko agerraldian. Hilaren 13an (larunbata, 17:00etan hasita) egingo da Iruñean euskaraz bizitzeko “behar den dena” eskatzeko Euskaltzaleon Martxa. Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek ondu dute deialdia. Lezotik hara joateko autobusa antolatu da, Lezoko Euskara Aholku Kontseiluaren ekimenez. Bertan diren eragileek hara joateko deia luzatu diete lezoarrei
Autobusa hilaren 13ko 15:30ean aterako da Sotxo paretik. Nafarroako hiriburutik Lezorako buelta 20:00etan izango da. Autobuserako txartelak Oroitzene AEKn eta Tiñelun eros daitezke: txartelaren prezio orokorra 13 eurokoa da, langabeena 10ekoa, eta haurrena 5ekoa
Manifestazioa hiru eskaera nagusiren arabera ezaugarritu dute: euskararen ofizialtasuna Euskal Herriko lurralde guztietan aldarrikatzea; hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeei, alderdiei eta eragile sozialei interpelazioa egitea; eta euskaltzaletasunaren ekarpena gorestea, nabarmenduz egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleak antolatzearen premia.
