Urtzi Urkizuk 'Streaming aroa' liburua aurkeztuko du San Pedron
Egileak ikus-entzunezko streaming plataformen inguruko saiakera labur bat jaso du bere laugarren liburuan, eta barrutiko liburutegian egongo da hilaren 11n, 19:00etan.
Urtzi Urkizu Adrian kazetari eta idazle lezoarrak bere laugarren liburua argitaratu du udaberri honetan: Streaming aroa. Urkizuk ikus-entzunezko streaming plataformen inguruko saiakera labur bat jaso du bere liburu berrian, gai horretan espezializatutako kazetaria baita Berria egunkarian.
Aurten hamar urte bete dira Netflix streaming plataforma mundu osora zabaldu zenetik. Euskal Herrira ere iritsi dira bere sareak. Bide horretan, hainbat galdera erantzuten saiatu da Urkizu Streaming aroa liburuan: Nola aldatu dira urteotan ikus-entzunezko edukien kontsumo ohiturak? Zer dago streaming plataforma handien atzean? Nola funtzionatzen dute?
Urkizuk egunero idazten du streaming plataformen inguruan euskarazko prentsan, eta liburuan tarte bat hartu du aipatutako galdera horien gainean idazteko. Egileak datu zehatz mordoa eman ditu, baita bere iritzi kritikoa ere. Hauxe da lezoarraren azken mezua: “Ikuslea ez dadila plataformen algoritmoaren mende gelditu, eta ireki dezala leihoa; tentuz begira dezala zer ikusi eta zer ez”.
Streaming aroa liburuarekin hainbat aurkezpena egin ditu jada martxoan, apirilean eta maiatzean, eta San Pedroko liburutegian izango da hilaren 11n (osteguna), 19:00etan. Urkizuk adierazi du San Pedron aurkezpen umoretsua egingo duela Ekhiñe Atorrasagasti kazetari eta telebista aurkezlearekin batera. Saioan hainbat bideo berezi proiektatuko dituzte, eta plataformen bueltako aktualitatea errepasatuko dute, “modu kritiko eta zirtolarian”.
