Sexu aniztasuna erdigunean jarriko du, 'Eros eta Afroditaren aitortzak' musikalak
Francisaldiaren barruan, larunbatean emango du ikuskizuna Elur Etxea antzerki konpainiak. Komedia musikalaren bidez, sexu aniztasuna erdigunean jarriko du hausnarketari bidea zabaltzeko.
Eros eta Afroditaren aitortzak musikala larunbatean, Niessenen.Elur Etxea Antzerki Konpainia Sexu aniztasuna, sekretuak, gizarte arauak, leialtasuna, bikote monogamoen bilakaera epe luzera, desira, frustrazioa, konpromisoa… Horiek denak hartu eta oholtza gainera eramango ditu Elur Etxea antzerki konpainiak Eros eta Afroditaren aitortzak musikalaren bidez, ikusleak hausnarketa egin dezaten. Horrekin batera, askorentzat oraindik ere ezezagunak diren kontzeptuak ere aipatuko dituzte ikuskizunean barrena, PrPEa —esposizio aurreko profilaxia hiesaz kutsatzeko arriskua murrizteko— , chemsexa—sexu harremanak izateko sustantzia psikoaktiboak hartzea modu boluntarioan—, baita sexu transmisio bidezko infekzio gorakada ere.
Larunbatean izango da Niessen Kulturgunean 19:00etan hasita, Francisaldiaren barruan, eta emanaldia doakoa izango bada ere, gonbidapena behar da (klik hemen).
Obraren helburua “ikusleek ondo pasatzea” eta “euren sexualitateaz gogoeta egitea” dela azaldu du konpainiako arduradun Andoni Mutiloak: “komedia musikala hautatu dugu berez serioak eta sakonak diren gaiak umorez lantzeko. Gainera interes sozialeko gaiak lantzen dituzten musikal gutxi egiten dira euskaraz”.
Sinopsia
Andoni Mutiloa aktorearekin batera oholtza gainean Esti Curiel aktorea. Musikalaren protagonistak, berriz, Eneritz eta Josu. Aitorrekin ezkonduta dago Eneritz; 38 urte ditu eta bi seme-alaben ama da. Sexualki frustratuta dagoela eta duela urtebetetik harreman sexualak ditu ezkutuan beste pertsona batzuekin. Ez dago prest uko egiteko horri, eta ez da egindakoaz damu, bere sexualitateari eta gozamenari merezi duen lekua eskaini diola uste duelako.
Josu da beste protagonista, 45 urte ditu eta gizon serio, beldurti eta sentibera da; herriko gay ofiziala izan da herritar askorentzat, eta horrek asko baldintzatu du bere bizitza, baztertuta sentitzeraino askotan. Ez du inoiz bikotekiderik izan eta nahi eta ezin dabil, bizitza alaituko dion harreman eder bat bizitzeko desiratzen. Frustrazio handia eragiten dio horrek.
Lanaren soinu banda espresuki sortu dute musikalarentzat. Pop estiloko hamar abesti labur, bizi eta itsaskor sortu ditu Mutiloak eta Zestoako Gazatin estudioan grabatu dituzte, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Abestiak entzuteko, klik hemen.
Gizartea eraldatu
Arte eszenikoen bitartez gizartea eraldatu eta balio positiboak sustatzeko helburuz sortu zuen Elur Etxea antzerki Konpainia Mutiloak 202an, hala azaldu du, eta generoa, aniztasun sexuala, LGTBI+ kolektiboaren eskubideak, osasuna, zaintza afektiboa eta emozionalaren gaineko hausnarketa zabaltzea jarri duela erdigunean. Horretarako, antzerki soziala eta musika uztartzen ditu konpainiak. Sortu zenetik lau ikuskizun ondu ditu: Esnatu naiz kabareta (2020), Sex Sua musikala (2022), Nire fantasia kontzertu kabareta (2024) eta Eros eta Afroditaren Aitortzak musikala (2025).
100 emanalditik gora egin ditu konpainiak Euskal Herri luze eta zabalean, “eta ahalegin berezia egin dugu gure ikuskizunak lanada eremura iristeko”. Horrekin batera, 2022az geroztik, nerabeei zuzendutako saioak ere eskaintzen ari dira institutuetan Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteekin batera; horien barruan, 25 emanalditik gora egin ditu konpainiak. Larunbatean Errenteria-Oreretara ekarriko duten musikalak Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso du antzerkirako testuak idazteko.
