Ehuntzaileen topagune
Jendaurrean Ehuntzeko Munduko Egunarekin bat egingo du udalerriak larunbatean.
Ehuntzeko Munduko Eguna Ehuntzaileen topaleku bilakatuko da Lekuona Fabrika larunbatean, hilaren 13an, bigarrenez, jendaurrean ehuntzeko munduko egunarekin bat eginda. Ehungintzarekiko zaletasuna partekatzea eta jarduera hori praktika sortzaile, sozial eta jasangarri gisa balioan jartzea du helburu jardunaldiak. Topaketa 10:00etatik 13:00etara izango da Lekuona Fabrikaren kanpoaldean; eguraldi txarra egingo bali, berriz, Lekuona Fabrikaren plaza luzeak hartuko du jarduera.
Ehungintzan adituak diren zein horretan hasi berriak direnei begirakoa da eta doakoa. Antolatzaileek parte hartzaileak gonbidatu dituzte esku artean dituzten proiektuak, orratzak eta materialak eramatera.
Aurtengoa Lekuona Fabrikan egingo duten bigarrena izango da. Arrakastatsua izan zen lehen ekitaldia eta haren ondorioz sortu ziren egun indarrean diren lagunartean ehuntzen taldeak. Azken horiek, irekiak dira eta hilean behin, laugarren larunbatarekin elkartzen dira Lekuona Fabrikan 10:00etatik 13:00etara eta bigarren ostegunean Aldakoeneako bibliotekan 16:30etik 19:00etara.
Ehuntzeko espazio komunitarioa antolatzearekin batera, egunari lotuta interesgune berezia prestatuko du Lekuona Fabrikako udal bibliotekak ehungintzari lotutako liburu, eleberri eta aldizkariekin. Horietan ehun teknikei, patroiei, ehungintza jasangarriari eta artisau modari buruzko edukiak aurkitu ahal izango dira maileguan hartzeko.
