Altamirako saneamendu sarea: bigarren fasea, egina
Tomas Garbizu kalearen goialdeko lanak eginda, hirugarren faseari dagozkion obrekin hasi dira.
Altamira auzoko saneamendu sarea eraldatzeko lanen bigarren fasea eginda dago. Hala zehaztu du Lezoko Udalak. Tomas Garbizu kalearen goialdeko zatiarenak ziren obra horiek, kale horretako behealdekoen segidan egin direnak. Hirugarren fasea abian da, gainera: Altzate igerilekutik porturainoko hoditeria sistema berritzen hasi dira. “Proiektua aurreikisotako epeetan gauzatzen ari da”, zehaztu du udalak.
Euri urak eta etxebizitzetako ur zikinak hoditeria sistema banaren bidez bereiztea. Horiek dira lanen xedeak. Saneamendu sare osoa bikoizten ari dira, alegia. Sare zaharretik euri urak joango dira; berritik, ur fekal edo zikinak. “Eraldaketa honi esker, itsaso eta ibaietara iristen diren isurketen kutsadura murriztuko da, eta araztegian tratatu beharreko urak gutxituko dira. Horrek tratamendu-sistemaren eraginkortasuna handituko du eta ingurumenaren zaintzan aurrerapauso garrantzitsua ekarriko du”, azaldu du udalak.
Urtarrilean hasi ziren hoditeria sarea bikoizteko lanak. Apirilerako lehen fasea egina zegoen, eta oraintsu bukatu dute bigarrena. Lezoko Udalak eta Añarbeko Uren Mankomunitateak izenpetutako lankidetza hitzarmenari esker egiten ari dira Altamiran jarduketa horiek.
Udalak auzotarrei eskerrak eman dizkie obrak bitartean izaten ari diren ulermenagatik eta lankidetzagatik.
