Musika eskolan sasoian zehar ikasitakoa, oholtzara
Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolak ikasleek hamabi kontzertu emango dituzte ekainean zehar.
Herriko musikari gazteak, iazko santakrutzen txupinazoan. Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako ikasleek ikasturte oparoa izan dute. Eskolaren barruan ordu asko eman dituzte trebatzen, eta urtean zehar hainbatetan atera dira herriko txokoetara ikasitako horren zati bat jendartera eramatera. Musika eta kultura zabaltzera. Orain, ikasturtea behar den bezala ixteko emanaldiak egingo dituzte ekainean, audizio formatukoak gehienak. Osotara hamabi emanaldi egingo dituzte.
Askotarikoak izango dira musika saio ireki horiek. Audizioak, kontzertu pedagogikoak eta hilaren 20ko (larunbata) Herri harro irri kontzertu gautiarra daude horien artean. Honako zerrendan, herriko musika ikasleek zer, non eta noiz egingo duten.
Hilak 11, osteguna
- 18:00etan, Gezala Auditoriumean, akordeoi eta biolin ikasleen saioak, eta talde polifonikoaren emanaldia.
Hilak 12, ostirala
- 10:30ean, Gezala Auditoriumean, musika eskolako ikasleen kontzertu pedagogikoa herriko ikastetxeetako ikasleentzat.
- 16:45ean, Lezo Herri Eskolako jolastoki estalian, talde koralen emanaldia.
- 18:30ean, Gezala Auditoriumean, klarinete, txistu eta tronpeta ikasleen saioak.
Hilak 15, astelehena
- 17:00etan, Gezala Auditoriumean, saxofoi ikasleen saioa.
- 18:00etan, musika eskolan, piano ikasleen saioa.
- 19:00etan, Gezala Auditoriumean, trikitixa ikasleen saioa.
Hilak 16, asteartea
- 18:30ean, Gezala Auditoriumean, gitarra ikasleen emanaldia.
Hilak 17, asteazkena
- 17:00etan, Gezala Auditoriumean, musika eta mugimenduko 1.4 mailako ikasleen saioa.
- 17:45ean, Gezala Auditoriumean, musika eta mugimenduko 1.5 mailako ikasleen saioa.
- 19:00etan, Gezala Auditoriumean, perkusioko ikasleen emanaldia.
Hilak 20, larunbata
- 22:00etan, Gurutze Santuaren plazan, Herri harro irri ikuskizuna.
