"Pasaiako portuaren mehatxu eta presioengatik utzi dugu eraikina"
Gaurtik ez da inor bizi Escalerillaseko etxebizitzetan. Gaur zuten azken eguna etxeak husteko Herrera kaleko 11. eta 12. atarietako bizilagunek epaile baten aginduz. Egoera salatzeko agerraldia egin zuten atzo.
Gaurtik ez da inor bizi Escalerillaseko etxebizitzetan. Gaur zuten azken eguna etxeak husteko Herrera kaleko 11. eta 12. atarietako bizilagunek epaile baten aginduz, nahiz eta agindu horri errekurtsoa aurkeztua izan, eta horren ebazpenik ez atera gaur-gaurkoz. Bizilagunak ez dira euren borondatez joan. “Pasaiako portuak eginiko mehatxu eta presioen ondorioz utzi behar izan dugu eraikina”, azaldu zuen atzo Jon Serranok, bertan urte luzez bizitako pasaitarrak. Bukatutzat eman dute borroka bizilagunek. “Baina bidezko borroka oro denboran irauten duen borroka dela aldarrikatu nahi dugu”, Serranok.
Agerraldia egin zuten atzo arratsaldean San Pedroko Lonjan Escalerillaseko bizilagunek eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek gaiaren gaineko azkenak izan daitezkeen azalpenak emateko. Serrano izan zen bizilagunen eledun, eta Unai Moriones sindikatuaren ordezkari. Hizlariek euren txandak bukatuta, txalo zaparrada luze batekin bukatu zen agerraldia. Bizilagunak hunkituta, baina duin aurrera eramandako ia hiru urteko borrokaldiak merezi izan duela aitortuta. Zuen negozioen aurrean, Escalerillas defendatu! lelodun elastiko urdin argiak jantzita izan ziren prentsaurrekoan.
Escalerillaseko etxebizitzak eta Kaiko Herrerako hainbat pabiloi eraistearen arrazoia da Pasaiako Portu Agintaritzak, Eusko Jaurlaritzako menpeko den Eusko Trenbide Sareari (ETS) zamen garraiorako trenbidea egitea erraztu nahi diola. Hura egiteko eraitsi behar dituzte etxebizitzak horiek, “Algeposa enpresa pribatuaren merkantzien garraio kostuak merketzea helburu duen bidea izango da. Baliabide publiko ugari bideratu, onura pribatuak bermatzeko. Eta beste behin ere, langile klasea kaltetua”, azaldu zuen Morionesek.
Behin eta berriz errepikatzen den logika baten adibide dela Escalerillasekoa nabarmendu zuen sindikatuko kideak: “Irabazi pribatuak gizarte beharren gainetik kokatzen diren logika kapitalistarena, eta logika hauen zerbitzura dauden instituzio publikoek betetzen duten paperarena”. Pasaiakoa ez dela soilik bizilagun talde baten gatazka izan agertu zuen, “langile klasearen kontura enpresarien irabaziak babestea. Horregatik diogu Escalerillaseko borroka gatazka lokal bat baino askoz gehiago dela”.
Lau hamarkada
1980ko hamarkadan hasi ziren bizitzen Escalerillasen bertako bizilagunak. Portuko langileen familiak ziren, portuak erraztu zizkien etxebizitzak. Hilabetero zegokiena ordaintzeaz gain, etxebizitzen mantenuaz arduratu dira lau hamarkadaz bertako bizilagunak. Bi urte eta erdi dira etxebizitza horiek uztarazteko agindua “egun batetik bestera” jaso zutela, eraisteko eta ETSrentzat trenbidea egiteko. “Denbora luzez ez ziguten informazio ofizialik eskaini”, Serranok. “Orain, langile horiek behar ez dituztenean, handik kanpo nahi dituzte”, Morionesek.
Borrokaldia hasi zuten etxegabetzeen berri izan eta berehala bizilagunek, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren babesarekin, “ez ditut hitzak sindikatuak eman digun laguntza eskertzeko” esan zuen atzo Serranok. Etxeak husteko, titular zirenei –adineko emakumeak denak— diru kopuru “irrigarri bat” eskaini zien portuak, Serranoren arabera, titular ziren pertsona horien adinaren araberako kantitatearekin, “irizpidea bidegabea eta ankerra izan zen”. Titular horiei konpentsazio ekonomikoaren aldea desagertaraztea lortu zuten bizilagunek, baita etxebizitza alternatiba ematea ere. Etxebizitzen titular ez zirenei, hau da, portuko langile izandakoen seme-alaba edo bilobei, ez diete ekarpen ekonomikorik eman, ezta etxebizitza alternatibarik eskaini ere.
Bi urte eta erdiko bidean askotariko mobilizazioak egin dituztela azaldu zuen Serran0k, eta inplikatutako erakunde eta eragileekin bilera asko egin dituztela. Baina nekeak eta presioak eragina izan du haiengan. Presio horren adibidea eman zuen Serranok: “Azken asteetan 24 orduz segurtasun zaindari bat izan da etxebizitzen atarian”. Gainera, Morionesek zehaztu du etxebizitzak zigilatzeko eraikuntza materiala atarian jarri dietela ageri-agerian. Moriones: “Milioika euro bideratu dira azpiegituren eraikuntzaa; lurzoru publikoa utzi da; baliabide gehiago erabili dira familien aurkako etxegabetzeak judizializatzeko eta honekin gutxi ez, eta milaka euro xahutu dira eguneko 24 orduetan etxebizitzak zelatatu dituen segurtasun zaindaria jartzeko”.
Gaian, erakundeen erantzukizuna dagoela adierazi zuen etxebizitza sindikatuko kideak: “Pasaiako Portu Agintaritza izan da etxegabetzeak eta blokearen eraistea bultzadu duena. ETS da, berriz, azpiegitura honen eraikuntzaz arduratuko dena. Eta Algeposa enpresa obra honen onuradun nagusia”.
