Topadaren bigarrena, EMKE Musika Bandaren eskutik
Errenteriako musika banda eta Herri Arte Eskolako musika bandako ikasleak ariko dira proiektu musikalaren barruan larunbatean.
Musika bandak Topadaren bigarren ekitaldia egingo du larunbatean, hilak 13, eta berriz ere, Herri Arte Eskolako ikasleen musika bandarekin ariko da emanaldian. Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian izango da kontzertua, 12:30ean hasita, eta Aitor Mitxelena Rubio eta Julen Izarra Ormaetxea izango dira zuzendariak.
Kontzertu bateraturako bereziki diseinatutako programa eramango du emanaldira bandak, promesa gazteak entzuteko aukera emango duena. Topadaren gisako iniziatiben garrantzia jarri du nabarmen musika bandak, izan ere, proiektu horren barruan musika ibilbide sendoa, eta horretan hasi berriak edota bidea egiten ari diren musikari gazteak lotzen baititu, “azken horien heziketa eta musika prestakuntza sendotuta”.
Emanaldian zehar metalek eta perkusioak garrantzi berezia hartuko dutela azaldu dute musika bandaren arduradunek, “kontzertu ikusgarria izango da, zalantzarik gabe”.
Bide batez, udako kontzertuen zikloa laster aurkeztuko duela jakinarazi du EMKEk. Niessenen zabalduko dute aurten ziklo hori.
