Francis eta Madelon oroitu dituzte
Vicente Vadillo Santamaria Francis erail zutela 47 urte bete direnean, Transmaribibollo kalejira egin dute; aurtengo mendua, Santi Vicente Altxu Madelon izan da, hil zela hogei urte bete direnean.
Francis eta Madelom gogoan egin dute Transmaribibollo kalejira. Vicente Vadillo Santamaria Francisen hilketaren 47. urteurrena bete zen atzo. Espainiako polizia batek tiro egin zion errenteriarrari Apolo diskotekan 1979. urtean. Gertatutakoa ez ahazteko, eta batez ere, belaunaldi berriek ezagutu dezaten lan handia egiten ari da LGTBI+ kolektiboa. Atzokoa, Francis oroitzeko eta omentzeko ekitaldia izan zen. Harekin batera, Madelon, Santi Vicente Altxu omendu zuten hil eta hogei urte bete direnean. Beste urte batez, aldarriz eta kolorez bete zituen kaleak transmaribibollo kalejirak.
Alaberga auzoko plazan abiatu zuten transmaribibollo kalejira, eta musikak lagunduta hasi zuten bidea Kaputxinoetako biribilguneraino. Ortzadar bandera mastan gora igo aurretik, hitz batzuk egin zituen Oreretako kuirdinadorak azaltzeko Madelon izango zela aurtengo omendua. hura hil zela hogei urte bete dira eta bere familiak jaso zuen omenaldi xume eta hunkigarria. Madelonen iloba, takelek hartu zuen hitza familiaren izenean. Familiaren izenean eskerrak eman zituen, “beste behin ere, hogei urte hauetan uneoro izan duzuelako gogoan, presente urtero urtero eta oso eskertuta gaude”. Egun hauetan osabaren argazkiak ikusten aritu dela aitortu zuen, “izugarria da zenbat manifestazio, zenbat protesta. Bizitza laburra izan zuen, baina probetxu handia atera zion, asko borrokatu zen”. Eskaintza eskuzabala, Rakelek familiaren izenean, LGTBI+ kolektiboari: “Behar duzuenerako, hemen gaituzue”. Bildutakoek txaloka erantzun zioten.
Ortzadar bandera igo zuen ondoren, hori ere bildutakoen txaloen artean.
Kaputxinoetatik ortzadar zebrabidera, Iztieta auzora. Francisen oroigarriaren ondoan omenaldia eskaini zieten, Francisi eta Altxuri. Santi Vicente Altxu Madelon izan zela Euskal Herrian LGTBIKA+ eskubideen alderko borrokan aritu zen lehenetarikoa jarri zuten nabarmen zebrabide ortzadarraren ondoan egindako omenaldian, “eta omenaldi hau egiten dizugu, zure heriotzaren hogeigarren urteurrenean. EHGAMeko ekintzailea, 1979an Francis hil zutenetik. Hilketa horren epaiketan, 1982ko abenduaren 21ean Altxu bi orduz bahitu zuten Oreretan. Atxilotu zutenean, jipoitu, markatu eta galdekatu egin zuten”.
Apostasiaren, marika intsumisioaren, objekzio fiskalaren eta EHGAM zein COFLHEren —Askapen Homosexualerako Fronteen Estatuko koordinadora— kanpaina ugariren alde borrokatu zela gogora ekarri zuten atzoko omenaldian, eta bere borroka eta “ahalegin handi” horri esker Gipuzkoako EHGAM taldeak iraun ahal zuela 1980 eta 1990 hamarkadetan, “ekintza festatsuenen antolatzaile izaten zen COFLHEren batzarretan”. Herrira etorrita, Zintzilik irratiko kolaboratzaile izan zela ekarri zuten gogora, baita Txintxarri elkarteko kide izan zela. Gainera urte askotan, Gaztaño, bere auzoko jaiak antolatzen parte hartu zuela jarri zuten nabarmen, eta hainbat herri iniziatibetan lagundu zuela. Errenteria-Oreretako memoria historikoa berreskuratzen ere lagundu zuen Altxuk , “baina batez ere ezagutu eta tratatu genuenok, ahizpa eta lagun ona, dibertigarria eta borrokalaria zela dugu gogoan. LGTBIKA+ borrokaren erreferente izan zen, eta beraz, haren oroitzapena bizirik mantentzen dugu gure memoria kolektiboan”.
Ondoren lore sorta jaso zuen Altxuren ilobak, baita Udal txistulari Taldeak lagunduta bi dantzarik eskainitako aurreskua. Lore sortak ere Francisentzat; haren oroigarriaren aurrean jarri zituzten Altxuren iloba Rakelek, eta Mikel Martin Conde LGTBIKA+ ekintzailea zenaren arreba Kontxik. Madelonen omenezko txistu doinuekin bukatu zuten atzoko ekitaldia, bildutakoen txalo artean.
