Galizia dastatu, usaindu eta entzuteko astea
Galiziako Astea egingo dute hilaren 22tik 28ra hogeita hamabosgarrenez. Egitarau zabala ondu du Gipuzkoako Galiziako Etxeak aste osorako, kultura, gastronomia eta folklorea erdigunean jarrita.
Zumardian den karpan Galiziako gastronomiaz gozatzera bertaratzen ari da herritar andana. Galiziak Errenteria-Oreretako kaleak hartuko ditu hilaren 22tik 28ra bitartean, herri horren kultura, gastronomia eta folklorea lehen eskutik ezagutzeko. Hogeita hamabosgarren aldia izango du asteak aurtengoa eta Gipuzkoako Galiziako Etxeak errenteriar gutziak animatu du gerturatu eta antolatu duen egitarau zabalarekin gozatzera.
Irekiera ekitaldia Trintxerpen bizi den Encarni Maneiro margolari galiziarraren O latexo da luz —Argiaren bila—erakusketaren inaugurazioarekin egingo dute. Xenpelar etxean izango da hori, 18:30ean. Bizitza zamatsu bilakatzen denean, itxaropena galdu gabe hari eusteko ezinbestekoa den argiaren bilaketaz mintzo da erakusketa hori.
Horrekin batera, zinema, nola ez galegoz, San Simon filmarekin. Galiziako kultura bai, baino memoria historikoa ere landuko dute film emanaldi horren bidez. Izan ere, Galiziako uharte hori, kontzentrazio esparru bihurtu zuen frankismoak. Filmaren zuzendariak, Miguel Angel Delgadok aurkeztuko du pelikula. Galiziako Etxeak, Ozzinemarekin elkarlanean antolatu du emanaldia.
Poesiak, musikak eta melodiek ere izango dute tartea astean, Xoan Alonso kantautorearen Xiratorio e Estabel kontzertu akustikoarekin. Galegoz idatzitako poemak interpretatuko ditu eta horietan sentimenduak, salaketa, eta egunerokoaren kontrako borroka ditu hizpide.
Xose Estevez historialaria, poeta eta idazlea ere izango da hitzaldia ematen Galiziako kultura eta nazionalismoaren oinarriaz. Musika gehiago, musikatutako poesia errezitaldia Xose Estevez, Antton Kazabon, eta Xoan Alonsorekin, Edurne Saizar, Oihane Mitxelena, Haizea Lekuona, eta Endika Loila musikariek lagunduta.
Txotxongilo emanaldia, herri queimada, Galiziako produktuak hilaren 26tik 28ra Zumardian, eta gaita doinuekin osatu dute egitarau zabala.
Galiziako Astea
Hilak 22, astelehena
- 18:30etan, Xenpelar Etxean: Trintxerpen bizi den Encarni Maneiro margolari galiziarraren O latexo da Luz erakusketaren inaugurazioa.
Hilak 23, asteratea
- 19:00etan, Ozzinemarekin lankidetzan, San Simon film galiziarraren aurkezpena Niessen zinema-aretoetan, Miguel Ángel Delgado zuzendariaren eskutik.
Hilak 24, asteazkena
- 18:30ean, Lekuona Fabrikan Xoán Alonsoren Xiratorio e estábel kontzertu akustikoa. Poeta eta musikari galiziarrak bere poesia lanaren zati bat interpretatuko du galegoz idatzia eta bere gitarrarekin lagunduta. Testu eta doinu propioak dira, sentimenduekin konprometituak, errutinaren aurkako salaketa eta borroka dutelarik ardatz.
Hilak 25, osteguna
- 18:30ean, Lekuona Fabrikan Xosé Estévez maisu eta idazlearen Castelao: galego quimicamente puro, amigo dos vascos e persoeiro universal hitzaldia. Castelao, Galiziako kulturaren eta politikaren adierazle unibertsal handienetako bati buruz hitz egingo du, baita Euskal Herriarekin zuen harremanaz ere.
Hilak 26, ostirala
- 20:00retan, agintariei harrera Gamon Zumardian, Pulpaliaren kolaborazioarekin.
Hilak 27, larunbata
- 11:30etan, Lekuona Fabrikan Poesia errezitaldi musikatua – Recital poético, Galegoz-Euskaraz, Xosé Estévez, Antton Kazabon eta Xoán Alonsoren eskutik musikatua, instrumentalizazioan Edurne Saizar, Oihane Mitxelena, Haizea Lekuona eta Endika Loila lagun dituztelarik. Luciano de Monfadal, Paloma García, Xoán Alonso, Bernardino Cura, Felix Rubial, Manuel María, Juan Mari Lekuona, Xabier Lete, Imanol Irigoien eta Atton Kazabonen olerkiak irakurriko dira.
- 12:30etan, Alakran Galiziako Txotxongilo taldearen kalejira O Xigante Barriga Verde funtzioa aurkeztuz.
- 18:00etan, L’Hospitaleteko Gaiten Bandaren kalejira eta emanaldia Gamon Zumardian.
- 22:00etan, Queimada herrikoia eta doakoa Pulpaliaren eskutik
Hilak 28, igandea
- 12:00etan, Gipuzkoako Galiziaren Etxearen Trisquele Gaiten Bandaren emanaldia.
Hilaren 26, 27 eta 28an, Galiziako produktuen salmenta eta dastaketa Gamon Alamedako Pulpalia eta Danibertoren txosnetan.
