Gero eta herritar gehiagok egiten du euskara ikasteko apustua
Udal Euskaltegiaren eta Xenpelar AEKren artean, guztira 49 talde aritu dira lanean ikasturtean zehar.
Ikasturtea amaitzear dagoenean udalerriko euskaltegietan, beste behin ere agerian geratu da Errenteria-Oreretan euskara ikasi nahi duenak aukera eta baliabide ugari dituela eskura. Udalaren adierazpenak dira horiek. Komunikabideetara bidalitako prentsa oharrean balantzea egin du, eta “positiboa” gainera.
Ez da gutxiagorako, Udal Euskaltegiaren eta Xenpelar AEKren artean, guztira 49 talde aritu dira lanean ikasturtean zehar. Maila guztietako ikastaroak eskaini dira, hasierako urratsetatik hasi eta C2 mailara arte, eta neguko ikastaroetan 600 ikasle inguruk parte hartu dute. Kopuru hori aurreko ikasturtekoa baino ia %25 handiagoa da, eta gero eta herritar gehiagok euskara ikasteko edo hobetzeko egiten duten apustuaren adierazgarri tokiko erakundearen esanetan.
Eskaintza, gainera, ez dela ohiko ikastaroetara mugatu jarri du nabarmen: “Homologatutako maila guztiez gain, autoikaskuntzak gero eta indar handiagoa hartu du. Modalitate horrek aukera ematen du etxetik edo nahi den lekutik ikasteko, tutore baten laguntzarekin eta ikasle bakoitzaren erritmoa errespetatuz. Horri esker, ikasketa eta eguneroko bizitza uztartzea errazagoa da”.
Bestalde, ikastaro bereziak ere antolatu dira, hala nola hitanoaren inguruko saioak edo euskararen inolako ezagutzarik ez dutenentzako ulermen saioak. Era berean, euskaltegiek beren jarduna ikasgeletatik harago zabaldu dute, eta eskolak eman dituzte ikastetxeetan, adinekoen egoitzetan eta bestelako espazioetan ere, euskara ahalik eta herritar gehienengana irits dadin.
Erabilera sustatzen
Euskara ikasteko aukerak, ordea, ez dira soilik ikasgelan aurkitzen. Euskaltegiek herriko bizitza sozial eta kulturalean ere parte hartze aktiboa izan dute. Ikasturtean zehar hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu edo sustatu dituzte, besteak beste Arizona eta Kaka antzezlanak, edo Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan egiten diren jarduerak. Horien artean, urtez urte arrakasta handia izaten duen Mintzodromoa nabarmentzen da, euskaraz aritzeko eta praktikatzeko aukera paregabea eskaintzen duelako. Eta beste hamaika ekintza ere burutu dituzte non euskara erabiltzea natural bihurtu den, hala nola: Jon Maia bertsolariarekin solasaldiak, Baga biga kantaldia, bertso saioak, dantza ikastaroak eta abar luze bat.
Aurten, gainera, 24. Korrikaren giroa ere bizi izan da herrian. Horren harira, hainbat jarduera antolatu dira: Korrikotea, Korrika Kulturala, Gazte Izanen Korrika eta Korrika Txikia, besteak beste. Jarduera horiek guztiek euskararen aldeko mugimendua indartzeaz gain, hizkuntza ikasten ari diren herritarrei euskaraz bizitzeko eta parte hartzeko espazio berriak eskaini dizkiete.
Azkenik, euskaltegietako ikasleek herriko hainbat elkarte, erakunde eta baliabide ezagutzeko aukera ere izan dute. Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, Badalab edo udal liburutegia bezalako eragileak gertutik ezagutuz, ikasleek euskararen inguruko komunitatea eta erabilerarako guneak aurkitu dituzte: “Horregatik guztiagatik, Errenteria-Oreretak gaur egun euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera zabala eskaintzen du. Euskaltegiak dira horren ardatz nagusietako bat, baina haien inguruan sortzen den sareak erakusten du euskara ikastea ez dela soilik ikastaro batera joatea: komunitate batean parte hartzea, harremanak sortzea eta hizkuntza eguneroko bizitzan txertatzeko bideak aurkitzea ere bada”.
Bukatzeko, euskaltegian izena emateko matrikula zabalik dela urte osoan gogorarazi du udalak.
Udal Euskaltegiaren bulegoa zabalik da egunero 09:00etatik 18:00etara, Mikel Zabaleta, 14an kokatuta. Telefonoz ere egin daiteke harremana, 943 449 680 edota 647 680 927 zenbakietara deituta. E-posta ere badute (klik hemen) eta web orrian ere egin daitezke kontsultak (klik hemen)
Xenpelar AEK Euskaltegiaren bulego ordutegia ere 09:00etatik 18:30era artekoa da, eta Nafarroa etorbidearen 67 zenbakian dago kokatuta. Telefonoz egin daitezke kontsultak 943 34 02 33 zenbakira deituta, baita posta elektronikoz ere (klik hemen).
