Zaintza komunitarioaren bidean sakondu du BIBErlazioak Lezo proiektuak
Jarduera eta baliabideen mapatzea, boluntarioen mapatzea eta nahi gabeko bakardadearen egoeren mapatzea izango dituzte lan ardatz hurrengo zikloan.
Lezoko Zaintza Mahaiaren bilkura baten artxiboko irudia.Lezoko Udala Zaintza eta harremanak sendotzeko zereginarekin martxan den BIBErlazioak Lezo proiektuaren lehen zikoa bukatutzat eman dute. Horren arabera, hurrengo fasean hiru ardatzetan oinarritutako beste prozesu bati ekingo dio: zaintzari buruzko jarduerak eta baliabideak mapatzea, herritarrei informazio hori emateko eta Lezoko zaintza eta harremanen sarea sustatzeko; nahi gabeko zaurgarritasun eta bakardade egoerak identifikatzea, detekzio eta ekintza tresnak garatzeko; eta boluntarioen sare bat eraikitzea lezoarrekin. Ardatz horiek herritarren artean adostutakoak izan dira.
Zaintza komunitatetik ere lantzea da BIBErlazioak Lezo proiektuaren xede, eta hiru lan ildo horiek herritarren arteko kohesio eta berdintasun zereginaren bideorri izango dira hurrrengo fasean. “Zaintzak ez dira soilik zerbitzu formaletatik sostengatzen, eguneroko harremanetatik, elkarrekiko laguntzetatik eta komunitateak antolatzeko eta eguneroko bizitzako premiei kolektiboki erantzuteko duen gaitasunetik ere elikatzen eta indartzen dira. Zentzu horretan, prozesuak Lezon laguntza sareak ehuntzea bilatzen du, komunitatea hobeto elkar zaindu dadin eta pertsona guztientzako ingurune bizigarri, konektatu eta seguruagoak sor ditzan”, zehaztu du udalak.
Egitasmoa Lezoko Udalak bideratzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Bitar-Bask-en dinamizazioaren bitartez. Prozesuak bi lan lerro nagusi dituela adierazi du udalak: “Alde batetik, herritarrekin, bakardadearen, zaintzaren, harremanen eta herriko parte-hartzearen inguruko beharrak, kezkak eta proposamenak identifikatzeko saioak. Bestetik, ekarpen horiek Zaintza Mahaian parte hartzen duten udalerriko hainbat arlo, erakunde eta eragileei aurkeztea, haien bideragarritasuna aztertzeko eta ekintza-ildo zehatz bihurtzen hasteko”.
Zaintza Mahairen bitartez bideratuko dira lehen fasean hitzartutako hiru lehentasun horiek, irailetik aurrera. “Helburu nagusia tresna horiek probatu, funtzionamendua egokitu eta Lezon harreman komunitarioak sendotzeko eta zaintza hobetzeko duten gaitasuna baloratzea izango da”.
BIBErlazioak Lezo prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, haren posta elektroniko helbidera idatzi edo 621 15 66 04 telefonora dei dezake edozein herritarrek.
