Tenis txapelketa jokatzen ari dira
XI. Errenteria Madalen Saria jokatzen ari dira hilaren 1etik Beraungo erabilera anitzeko pistan.
XI. Errenteria Madalen Saria jokatzen ari dira hilaren 1etik Beraungo erabilera anitzeko pistan. Datozen asteetan jarraituko du lehiak, finala madaletan jokatzen baitute parte hartzaileek.
Txapelketaren atzean, Beraun-Errenteria Mahai Teniseko kirol kluba, bera da antolatzaile Errenteriako Udalak lagunduta. Lehen ekitalditik izan da arrakastatsua txapelketa, eta horren erakusle da, honetan ere jokatzen ari den kirolari kopurua: 32 parte hartzaile ari dira lehiatzen .
Lehiaketa sistemak 4ko 8 talde izango ditu. Tenislari bakoitzak partida bat jokatuko du talde bereko kideen aurka eta horrela talde bakoitzaren sailkapena lortuko da. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek elkarren arteko kanporaketa zuzenak jokatuko dituzte finalera arte eta multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarrenek gauza bera egingo dute euren artean.
Madalenetan jokatuko dira bi finalak. Sistema horri esker, tenislari bakoitzak gutxienez 4 partida jokatu ahal izango ditu.
Parte hartzeari dagokionez, afizionatu mailako tenislari onenak elkartuko dira txapelketan. Errenteria-Orereta, Donostia, Lasarte, Hernani, Hondarribia, Tolosa eta Legorretako tenislariek hartuko dute parte.
Parte-hartzaileen koadroak aurreko edizioetako irabazleak eta finalistak ditu.
Txapelketan zehar, horien guztien helburua iazko txapeldunari, Gaizka Aduriz donostiarrari, titulua kentzea izango da.
Herriko tenislarien parte hartzeari dagokionez, aurten Iñigo Pérez, Adur Lekuona, Antton Basterrika, David Pérez, Aitor Juez, Iván Vizcaíno eta Sergio Delgado izango dira lehian.
Patxi Fadrique tenislari donostiarrak gurpildun aulkian jokatuko du txapelketa. Bere taldeko gainerako tenislarien aurka arituko da, salbuespen bakar batekin: pilotak bi aldiz bote egin ahal izango du bere zelaian. Patxiren maila dela eta, partidak berdindu egin dira.
Teniszaleek doan ikusi ahal izango dituzte partidak txapelketa osoan zehar, astegunetan 16:00etatik 21:00etara, larunbatetan 10:15etik 22:00etara eta igandeetan 10:15etik 14:00etara.
