Alaberga eta Igantzi, irisgarriago
Guztira, bi esku-hartzeek 230.861,36 euroko inbertsioa suposatu dute eta, horri esker, bizilagunek egunero erabiltzen dituzten espazioetan oztopo arkitektonikoak kentzeko bidean aurrera egin ahal izan da.
Alabergan egindako lanak.Herri bizia Errenteriako Udalak Alaberga eta Igantzi auzoetako irisgarritasuna hobetzeko hainbat jarduera bukatu ditu, guztiak Irisgarritasun Planean jasota eta oinezkoen ibilbideak eta sarbideak hobetzera bideratuta. Guztira, bi esku-hartzeek 230.861,36 euroko inbertsioa suposatu dute eta, horri esker, bizilagunek egunero erabiltzen dituzten espazioetan oztopo arkitektonikoak kentzeko bidean aurrera egin ahal izan da.
Alabergan egindako jarduketari esker, 29, 30, 31 eta 32 atarietarako irisgarritasuna hobetu ahal izan da, arrapala berriak eginez eta auzoaren erdialdean oinezkoentzako ibilbideak egokituz. Era berean, saneamendu sarea hobetzeko esku hartzea aprobetxatu da.
Lanak joan den urtearen bukaeran hasi zituzten, eta 148.717,40 euroko inbertsioa egin da. Helburua da dauden ibilbide irisgarriei jarraipena ematea, etxebizitzetarako sarbidea erraztuz eta inguruko mugikortasuna hobetuz. Bestalde, Igantzin egindako lanak kale horretako 9 eta 11 atarietarako eta Galtzaraborda etorbideko 31 eta 33 zenbakietarako sarbidea hobetu du. Esku hartzea urte hasieran hasi zen, eta ibilbide irisgarri berriak sortu dira arrapala eta pasabide egokituen bidez, hainbat maila konektatuz eta bizitegi eraikinetarako sarbidea erraztuz. Jarduera horretarako 82.143,96 euroko inbertsioa egin da.
Azken hilabeteotan irisgarritasuneko beste esku hartze batzuk egin dituzte etengabeko jarduera ildoa direlako, azken hilabeteotan zenbait esku hartze egin dira udalerriko hainbat puntutan, besteak beste, oztopoak kentzea eta arrapalen bidez egokitzea Alabergako 48 zenbakian eta Beraungo zenbait puntutan (Maurice Ravel 2 – 16, Aita Donostia 2 – 12 eta Beraun kalea 1-3).
Barandak eta eskubandak jartzea beharrezkoa da irisgarritasuna konpondu ezin den lekuetan. Horregatik, jarri dira Resurreccion Maria de Azkue 14 zenbakian, Markola 19 zenbakian, Agustinak auzoan eta Monroy plazako eskaileretan, Beraunen. Galtzarabordan ere barandak jarri dira eta eskailerak konpondu dira Urdaburu kaleko 29 zenbakian eta Parke kaleko 41 zenbakiaren inguruan.
Oinezkoen pasabide batzuetan ere esku hartu da, irisgarritasuna hobetzeko, Esnabide kalean, Tomas Lopez kaleko 1-13 zenbakietan, hirigunean, Beraungo Jesus Guridi kalean eta Lartzabalen.
