Euskotren eta KAE1 ligetan sendotu nahi du Hibaikak
Euskotren eta KAE1 ligetan ariko dira Hibaikaren bi ontziak. Bi taldeetan aldaketa handirik gabe, helburua, bera: ligetan eroso mantentzea, jaitsieratik urrun.
Hibaikako arraunlari seniorrak Eskifaiak prest, gogotsu dira Hibaikaren bi ontziak traineru denboraldiari ekiteko. Emakume seniorren Madalen ontzia Euskotren Ligan ariko da aurten berriro, emakumeen arraunaren gorenean Iñaki Mendizabal entrenatzaileak gidatuta. Hilaren 28an hasiko dute lehia agertoki berri eta ezezagunean, Buitrago del Lozayako (Madril, Espainia) Riosequillo urtegian. Senior gizonen ontziak, berriz, bihar izango du lehen estropada Astilleron (Kantabria, Espainia) eta etzi bigarren jardunaldia, Pasaiako badian. KAE1 Ligan ariko da aurten Dani Cobjuc entrenatzaileak gidatuta Hibaikako gizonen trainerua, iaz helburu zuen igoera erdietsita.
Errenteria-Oreretako arraun elkarteko bi traineru nagusietako entrenatzaileekin izan da hitza denboraldia hastear denean ezarri dituzten erronken berri jaso, eta dituzten sentsazioez hitz egiteko.
Aldaketa batzuk izan dituzte arraunlarien taldean, «urtero izaten diren ohiko bajak izan direlako tartean», esan du Mendizabalek. Horiek utzitako lekua Gazte Mailatik igo berri diren harrobiko arraunlariekin bete du entrenatzaileak. Hamasei arraunlari eta bi patroirekin egingo du denboraldia emakumeen traineruak. Ordezko patroia, Gazte Mailako lehen urtekoa, gaztea, «hura trebatzea da helburua, eta ikustea etorkizunera begira lan horretarako balio duen edo ez». Ontzia ere, oso gaztea. Iaz bigarren gazteena izan zela Hibaikarena, Tolosaldearen atzetik, jarri du nabarmen Mendizabalek, «aurten bi 18 urteko eta 16 urteko hiru sartuta, iazko batez besteko hori jaitsi egin dugu».
Helburuak aipatuta, argi esan du prestatzaileak: «Ez dut behera begira jarri nahi, beti hori egiten dugu-eta. Euskotren Ligan mantendu nahi dugu, eta hasieratik hori buruan aterako gara lehiara, aurrenekoetatik gertu egotera; atzera begiratu gabe, aurrera begira aritzea izango dugu erronka». Ontziek maila bertsua dutela sinistuta da entrenatzailea, baina argi esan du egoera horretan gerta daitekeela aurrekoekin egotea edo azkena izatea: «Hori asumitu behar da. Aurreko urtean gure mailan zebilen Hondarribiak kategoria galdu zuen, eta Donostiarrak, pareko izanda, mantendu. Gu, berriz, laugarren postuan ibili ginen, eta seigarrenean bukatu. Aurten aurrenekoen pare ibiltzea izango dugu helburu, ea horrek lasaitasun pixka bat ematen digun ligan zehar».
Mendizabalek azaldu du denboraldiaren gaineko ikuspegi ezberdinarekin heldu dela aurten taldea; neguan zehar ez da eskifaia hainbeste lehiatu, eta zalantzarik ez du horrek «freskura» emango diola taldeari, «hobeagoak izateko intentzioarekin gatoz, eta batez ere, denboraldi bukaerara osoago iristeko; ea asmo hori urtean gauzatzen den». Gogotsu daude liga hasteko, «non gauden ikusi nahi dugu, eta urduritasun puntu positibo bat ere badugu».
Arerio zuzenik baduten galdetuta, ligan ari diren denak direla arerio aitortu du. «Ez dugu beldurrik, errespetua bai, guztia. Lehen estropada denontzat berria den eremu batean izango dugu eta hori erronka da denontzat. Hiru ziaboga eta lau luze izango ditugu, eta gauzak ongi egin behar dira, ondo prestatu estropada hori».
KAE 1 Ligari eutsi
Esan eta egin. Iaz, Hibaikako gizon seniorren traineruak eta Dani Cobjuc entrenatzaileak jauzia egin eta ligaz igotzea jarri zuten helburu, baita bete ere. Aurten KAE1 Ligan ariko da ontzia beraz, eta hori dute helburu behinena, ligari eustea jaitsiera suposa dezaketen postuak saihestuta. Ez da epelkerietan galdu Cobjuc: «Liga konplexua izango da zalantzarik gabe, despiste txikiena nahikoa da azkena sailkatzeko. Hamabi ontzi ariko gara eta azken postu horiek, arriskua suposatzen dutenak, saihestera goaz».
Arraunlari berriak dituztela azaldu du prestatzaileak, baina iazko blokea mantentzen duela taldeak oro har, «hori aldeko aldagaia dugu». Denboraldi aurretik egindako estropadek ez dute informazio handirik ematen entrenatzailearen iritzirako: «Entrenamendu gogorragoak dira akaso, baina entrenatzeko eta talde blokea egiteko baliatzen ditugu denok. Hala ere, Mutrikuko eta Lekeitioko aurre denboraldiko estropadetan ongi aritu gara, Gipuzkoako Txapelketan ere bai; azken horretan KAE1 Ligan ari diren bi ontzi irabazi ditugu, eta hori positiboa da».
KAE1 Ligak asteburuan hasiko du lehia: bihar, larunbata, Astilleron (Kantabria, Espainia) lehiatuko dira 18:00etan hasita; eta etzi, Pasaiako badian Adinberri Bandera izango dute jokoan 12:00etatik aurrera.
Taldearen sentsazioak ere izan ditu hizpide Cobjucek. «Entrenamenduetatik sentsazio onekin ateratzen da beti taldea, baina estropada data gerturatu bezala, urduri jartzen hasten dira arraunlariak». Normala dela aitortu du, ligaz igo dira, gogorragoa da, eta urduriago daude horregatik. Konplexua da arlo hori lantzea». Kontziente da alderdi horretaz prestatzailea, eta gehiago lantzen saiatuko direla adierazi du: «Finean, arlo fisikoa landua dugu jada, orain bakoitzak %100 eman behar du; buruak baina, lan handia egiten du eta zoritxarrez, horretan, galdu egiten dugu. Hori indartu beharreko alderdia da, eta horretan saiatuko gara».
Talde izaera barneratuta duela eskifaiak aipatu du, bestalde. «Aldagela batua du taldeak, talde dira eta horrela sentitzen dira, eta hori aldekoa dugu; bihotzarekin arraun egiten du taldeak. Estropada batean, baina, bihotza baino, burua behar da, batzuetan antsietatea gailentzen da, eta hortik ateratzen zaizkigu akatsak».
Sentsazio gehiago ere azaleratu ditu Cobjucek; uste du, itsasokoetan baino hobeto ariko dela Hibaikako gizon seniorren trainerua ibaietako estropadetan, «hori da dudan sentsazioa, baina hala ere, gero eta hobeto moldatzen ari gara itsaso txarrarekin, eta adi, beraz, ez ote dugun sorpresarik emango denboraldian zehar».


