Igandean, goi mailako arrauna Pasaiako badian
Igandean KAE1 eta ETE ligetako estropadak jokatuko dira San Pedron, 11:20tik aurrera. Ontzi parte hartzaileen artean izango da 'Libia'.
Sanpedrotarra Arraun Elkarteak, Adinberriren babesarekin, Pasaiako badiako uretan jokatuko den KAE1 Ligako III. Adinberri Bandera aurkeztu du gaur. Estropada igandean (hilaren 21ean) jokatuko da, 12:00etatik aurrera, eta aurkezpen horretan izan dira Teo Alberro Pasaiako alkatea, Raquel San Sebastian Adinberriko zuzendaria, Alberto Iñurrategi Sanpedrotarrako presidentea, Olatz Hermo Illunbeko presidentea, Ainhoa Martinez San Juan-Koxtapeko presidentea eta Irati Iraola San Juan-Koxtapeko ordezkaria.
Estropada San Pedron jokatuko da, lineako modalitatean eta hiru txandatan. Estropada eremuak lau kale izango ditu, eta sei luze eta bost ziaboga osatu beharko dituzte KAE1 Ligako ontziek. Orotara, hamabi eskifaiek hartuko dute parte: Arkote, Astillero, Deustu-Bilbo, Hibaika, Hondarribia B, Kaiku, Larrun Kosta, Orio B, Pedreña, San Pedro, Zarautz eta Zumaia.
Aurretik, ETE Liga
KAE1 Ligako estropada ez da badiak jasoko duen bakarra, gizonen aurretik emakumeen ETE Ligako ontziek Hernaniko V. Bandera jokatuko baitute Pasaiako uretan. ETEko estropada 11:20an hasiko da, San Pedron, lineako modalitatean eta bi txandatan. Estropada eremuak lau kale izango ditu, eta hiru luze eta bi ziaboga osatu beharko dituzte eskifaiek. Orotara, zortzi talde arituko dira Pasaian: Deustu-Bilbo, Hondarribia, Hernani, Isuntza, Kaiku, Ondarroa, Portugalete eta Zarautz.
Igandeko estropadak egiteko, espazioak balizatuko ditu Udaltzaingoak. Estropadarako erabiliko diren aparkalekuetan biharko (larunbata) 21:00etatik eta estropada bukatu arte aparkatu ezingo dela jakinarazi du udalak.
