Illunbe zutik, etorkizunean aurrera egiteko
Trantsizio garaian da Trintxerpe Illunbe Arraun Elkartea. Irailetik instalazio egonkorrik gabe daude, baina konponbide bat bilatzeko esperantza dute.
Trantsizio garaian da Trintxerpe Illunbe Arraun Elkartea. Iazko irailean Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) portuko instalazioetatik desalojatu zuen kluba, gune horretan egitekoak diren obrengatik. Ordutik ziurgabetasun egoeran dago kluba, baina zutik jarraitzen du, topatu dituzten aurkakotasun guztiei aurre eginez.
Pasaiako Udalak itsas kontainer batzuk jarri dizkie Trintxerpeko ontziralekuaren ondoan, eta bertan traineruak eta materiala gordetzen dituzte. Gimnasioko ariketak, aldiz, Trintxerpeko Kirolgunean egiten dituzte, ergometroak sartzeko gela bat utzi baitiete bertan.
Klubaren egoera onena ez dela baietsi du Olatz Hermo presidente eta beteranoen traineruko arraunlariak. Hermok beste klubekiko begirune bera eskatu du, «itsasoaren ondoan egongo den, materiala gordetzeko balioko duen, gimnasioa izango duen eta gazteak erakartzeko gai izango den» instalazio batzuk izateko. Klubaren egungo egoerarekin gazteak eta arraunlari berriak erakartzea zaila dela zehaztu du presidenteak, instalazio egonkorrik ez dutelako. Arraunlarietako batzuk beste klub batzuetara utzi behar izan dituzte. Hori dela eta, kluba «trantsizio garaian» dagoela esan du Hermok.
Trantsizioak luzeak izan daitezkeela zehaztu du presidenteak, baina argi du klub bateko instalazioak ezin daitezkeela itsas kontainer batzuk izan. Egoera horri irtenbide bat bilatzeko eta klubaren etorkizunaz hitz egiteko, bigarren bilera bat egingo dute Illunbek, udalak, aldundiak eta PPAk. Hermok adierazi du instituzioek «borondatea» dutela irtenbide batera iristeko, eta klubean «esperantza» dute horrela izango dela. Illunberen egoera latza izan arren, arraunlariek palakadak ematen jarraitu dute, eta instalazio berri batzuk izateko «gogoa» dute, «kluba erakargarri egiteko eta arraunlari gazteei aterpe emateko».
Beteranoen ligak
Espazio faltagatik, klubak soilik bi traineru ditu lehian, emakume eta gizon beteranoenak. Beteranoen ligak apirilean hasi ziren eta uztailaren 18an bukatuko dira. Bi eskifaiei primeran doakie bertan. Gizonak, esaterako, bosgarren sailkatu ziren Getarian jokatutako Euskadiko Txapelketan, eta emakumeak Espainiako Txapelketan izan ziren iragan astean, Moañan (Galizia). Galiziako esperientzia «oso ona» izan dela esan du Hermok, eta «oso pozik» etorri dira bertatik.
