Oinarriak finkatu nahi ditu San Pedrok
Baja mordoa izan ditu San Pedroren eskifaiak. Klubean jakitun dira hazteko urtea izango dela aurtengoa, eta etorkizunera begira oinarriak finkatu nahi dituzte.
Hilaren 14an aurtengo udan uretan arituko den eskifaia aurkeztu ondoren, bihar (larunbata) hasiko du San Pedrok KAE1 Liga Astilleroko (Kantabria) uretan. Igandean, aldiz, etxeko estropada jokatuko dute, III. Adinberri Bandera lehiatuko baita Pasaiako badian, 12:00etatik aurrera eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatuta.
Sasoia hasteko dena prest badute ere, neguan aldaketa mordoa izan dira Libia-n. Lau urtez Orioko emakumeen entrenatzaile izan ondoren, Patxi Francesek Fernando Valenciagaren lekukoa hartu du San Pedroren gidaritzan, eta hura da moreen prestatzaile berria. Francesek aitortu du baja asko egon direla taldean, eta aurtengo eskifaia berria dela, «ia zerotik» hasi baitira. Taldea berria izateaz gain, mailaz «pixka bat justu» dabiltzala eta aurretik «errodaje asko» dutela esan du prestatzaileak. Hori dela eta, aurtengo sasoia «trantsiziokoa» izango dela aurreratu du Francesek.
San Pedron jakitun dira hazteko urtea izango dela aurtengoa, eta etorkizunera begira «oinarriak finkatu» nahi ditu aurten Libia-k, «datorren denboraldia ezberdina izateko». Bide horretan, sanpedrotarren helburua da «estropadetan lehiatzen ikastea» eta dutenarekin «ahalik eta ondoen aritzea». Talde berria izanik, «irregularra» izan daitekeela aurreratu du Francesek: «Uste dut estropada onak egingo ditugula, eta beste batzuetan gehiago sufrituko dugula estropada eremuekin edota mareekin. Gauza guztiez ikasi behar dugu aurten».
Libia-k «ahalik eta ondoen» hasi nahi du bihar Astilleron hasiko den sasoia, baina hankak lurrean izanik: «Ea noraino iristen garen. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara, baina badakigu zein diren gure gabeziak. Dugunarekin egin behar dugu aurrera. Ikusiko dugu non gauden denboraldi bukaeran, baina talde honek bloke bezala finkatu behar du estropadetan lehiatzeko eta aurpegia emateko».

